RE-RUB, Foam-surfing eta Diverse hautatu dituzte 2021eko Wanted-en bigarren deialdian

Erredakzioa 2022ko ots. 3a, 10:54

Wanted lehiaketako azkenengo irabazleak. © GETXOKO UDALA

RE-RUB, Foam-surfing eta Diverse proiektuak, ordena horretan, aukeratu dituzte praktikara eramateko 2021eko Wanted lehiaketaren bigarren deialdian. Lehiaketara aurkeztu diren sei proposamenetatik hiru aukeratu dituzte, eta diru kopuru hauek jasoko dituzte euren ideiak egikaritzeko: 9.350 euro, 9.789 euro eta 859 euro, hurrenez hurren.

Gonzalo Ayo Gazteria Zerbitzuko zinegotzi arduradunak azpimarratu duenez, “gazteei ekintzailetza-aukerak eta sormen-espazioak eskaintzen jarraitu behar dugu, etorkizuneko profesionalak eta sortzaileak direlako. Sormena sustatzea eta asmo handiko proiektuen alde egitea modurik onena da getxotarren talentua atxikitzeko. Horregatik, lagundu egin behar diegu beren ideiak aurrera atera ditzaten eta horiek gure udalerrian gauzatu daitezen”.

RE-RUB

Jon Guisasola Uriartek, Gonzalo Pardo Isasik eta Gabriel Coca Fernandezek sustatuta, proiektuaren helburu nagusia da gizarteak sortutako hondakin plastikoei bigarren bizitza bat ematea. Estrusio- eta injekzio-prozesu baten bidez eta diseinu-oinarri bategaz batera, ekonomia zirkularrean oinarritutako emaitza bat lortuko da. Sustatzaileek adierazi dutenez: “Horrela, plastiko birziklatuz egindako hiri-altzariak sortuko ditugu, kanpokoak zein barrukoak. Gure produktuen ezaugarri nagusiak, alde batetik, diseinua izango dira, birziklapenetik eta jasangarritasunetik abiatuta sortutako piezei balio erantsia ematen diena eta, bestetik, mantentze-lanetako saldu ondoko zerbitzu bat, non gure produktuen elementuetako batek kalteak jasango balitu, higaduragatik edo hausturagatik, kaltetutako pieza baino ez da ordeztuko, eta pieza hori berriro birziklatuko da, berrerabiltzea sustatzeko eta hondakin gehiago ez sortzeko”.

Foam-surfing

Proiektu hau Luis eta Tatiana Martinez de las Rivas Alvarezek sustatzen dute, eta mugikorrerako webgune eta aplikazio bat sortzean datza, surflarientzako hiru funtzionalitate nagusigaz:

  • Olatuen aurreikuspena askoz ere zehatzagoa izatea, hainbat hizkuntzatan.
  • Hondartza bakoitzaren gida bat sortzea: hareatza bakoitzaren ikuspegi osoa ematen duen xehetasuna eta mapa erakutsiko dira, Facebookeko profila balitz bezala, bertan hondartzaren informazio guztia emanez. “Mapa hau Google Maps-en antzeko mapa da, eta arroka arriskutsuen, korronteen, olatu-punten, (zaintza-zerbitzurik badago) sorosleen eta abarren kokapena erakusten du. Halaber, zer olatu mota aurki daitezkeen eta zer zailtasun dauden azaltzen du, surflariek espero dutenarekin bat datorren egiaztatu ahal izateko”, diote.
  • Hondartzatik gertu surfaren industriagaz zerikusia duten negozioak erakustea: surf eskolak, dendak, ostatuak, shaper-ak; web/aplikazioan promozionatu ahal izateko kuota bat ordainduko dute.

Diverse

Asociación Estudiantil Junior Empresa Riven elkartea dago ekimen honen atzean. Bizkaiko moda, kultura, artea eta entretenimenduaren arloan jende gazteak egiten duen lana ikusarazi gura du, eta, ondoren, Euskal Herri osora zabaldu. “Gazte sortzaileen artean loturak sortzea eta baterako sorkuntza erraztea bilatzen dugu, bai eta haien lana ikusaraztea eta haientzako edukia sortzea ere”, ziurtatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun