Joan den azaroaren 1ean hasitako bost hilabeteko itxaronaldiaren erdian gaudela, Punta Galea Challengeko antolatzaileek argi berdea eman zioten joan den barikuan astelehenean lehiaketa gauzatzeari. Hala ere, azken uneko aldaketa meteorologikoak direla eta, "argi berdea" bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek; "lehenengo aldia da 17 urtetan hori gertatzen dena", nabarmendu dute.
"Kezkatzen gintuen posibilitatea zen eta, tamalez, konfirmatu da. Olatu iragarpenetan agertu den mendebaleko haizeak erabaki hau hartzera behartu gaitu, erabat aproposa ez delako olatuaren garapen on baterako. Bai itsasoaren norabidea, periodoa nola olatuen tamaina oso baikorra zen, eta bada oraindik ere, baina haize berri honekin, erabat apurtzen da eszena eta ezinezkoa da, beraz ,edizio berria baldintza onetan garatzea. Izan ere, olatu ospetsuaren kalitate bikaina premiatzen baita ekitaldi honetan, beste guztiaren gainetik", zabaldu dute ohar batean antolatzaileek.
Iragarpen berria eskuan zutela, krisialdi-bilera bat egin zuten surflari, babesle eta langileen artean, eta, horretan, aho batez erabaki zuten aurreikuspen egokiago bati itxarotea. "Parte berri hori datorren astean eman daiteke, denborale indartsu bat baitago gure kostaldetik oso gertu", iragarri dute.