Bizkerre futbol-taldeak azaldu duenez, Jesus Lopez Petxa bezalako pertsonen ahaleginari esker ditu taldeak emakumezkoen 270 fitxa baino gehiago eta 17 talde. "Beti laguntzeko prest zegoen, eta bere pasioari denbora eta ahalegina eskaini zion, klub honen oraina eta etorkizuna oinarrituz".
Egindako lana eskertzeko asmoz, duela gutxi zendu zenari omenaldia egin zioten domekan, hilaren 6an. Bertan izan ziren Petxaren familia, emaztea buru zela, seme-alabakaz batera. Mutilvera eta Bizkerre futbol-taldeetako kideek osatutako korridore batetik sartu zen familia zelai erdira."Oso une hunkigarria izan zen, eta klubeko zuzendaritzak eskertu nahi du guztion parte hartzea", azaldu dute Bizkerrekoek.
Zelai erdian, familiak, Amaia Agirre Getxoko alkateagaz eta Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziagaz batera, ohorezko aurreskua jaso zuen Itxartu taldeko dantzarien eskutik. Ondoren, lore-sorta eta plaka oroigarri bat jaso zuen. Azkenik, omenaldiari amaiera emateko, "tradizioari jarraitzeko", Bizkerreren kimuen taldean jokatzen duen Petxaren bilobak ohorezko sakea egin zuen.
Ekitaldian Getxoko futbol taldeetako presidenteak izan ziren: Arenas Club, Getxo, Galea, Iturgitxi, Neguri eta Arraultzaldeon. Bizkerreko aurreko zuzendaritza batzordea ere bertaratu zen.