Iñigo Urkitza Sustapen Ekonomikoko zinegotziak jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan adierazi duen bezala, “ekitaldi hau bat dator udalerriko plan estrategikoarekin, zeharka eragiten baitu ezarritako hainbat helburutan, hala nola gure baliabideak eta azpiegiturak optimizatzean edo Getxo kokatzean kultura-, kirol- eta ongizate-esperientzien erreferente gisa. 2020-2023 Legegintzaldi Planean ezarritako irizpideekin ere bat dator, kultura sustatzeari dagokionez, gure udalerria bereizgarri gisa kokatuz Euskadiko abangoardia kulturalean. Jaialdi hau, beraz, surfaren, itsasoaren eta irristatze-kirolen arloko enpresen, profesionalen eta zaleen katalizatzaile gisa ikusten dugu”.
Getxoko egitaraua
LKBSFFren inaugurazio-eguna eguaztenean, hilaren 23an, izango da, goizeko 09:30etik aurrera, Muxikebarrin, herriko ikastetxeetarako goizeko proiekzioak eskainiz. Proiekzioak informazio-hitzaldiakaz eta hezkuntza-tailerrakaz batera egingo dira, kultura eta kirola sustatzeko eta ingurumenarekiko errespetua eta inklusio eta dibertsitatea bultzatzeko helburuez, horiek izanik surfaren munduak transmititu beharreko gai eta balio nagusiak.
11:30ean, Getxo Elkartegian, Sustapen Ekonomikoaren egoitzan, mahai-ingurua izango da, eta bertan parte hartuko dute Getxon eta Euskadin ikus-entzunezkoen industriako erreferente eta profesionalek. Besteak beste, Jon Aspuruk, Edu Bartolomek, Kepa Acerok, Arrate Aranak, Alex García de Vicuñak (Marmoka Films), Itziar Garcíak (Cholitas eta Pura vida filmen zuzendaria) eta GetxoExpressen ordezkariek hartuko dute parte.
Arratsaldean, 19:00etan, Muxikebarriko Ereaga aretoan, erakundeetako eta parte hartzen duten sektoreetako (ikus-entzunezkoak, kirola, kultura, ekonomia) ordezkariek jaialdiaren inaugurazio ofizialean parte hartuko dute, streaming bidez (Twitch). Zortzi film proiektatuko dira, horietatik lau, sail ofizialean lehiatuko dira: By Women, Diario de África, Arcadia eta Natxo González Reels, azken bi horiek Kepa Acero eta Jon Aspuru getxoztarrenak, hurrenez hurren. Proiekzioetara joateko sarreraren prezioa zazpi eurokoa da.
Jardunaldia amaitzeko, topaketa labur bat egingo dute, Barinatxe aretoan, enpresa eta profesionalakaz.
2022ko Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival
Jose Angel Delgado jaialdiaren zuzendariak adierazi duen bezala, Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival diziplina anitzeko jaialdi ludiko eta didaktikoa da, surfaren inguruan garatua eta surfaren unibertso zinematografikoa sustatzea helburu duena.
Zinema, argazkilaritza, kirola, hitzaldiak, musika eta hezkuntza elkarregaz bizi dira Itsasmuseumaren inguruan. Jarduerak eraikinaren barruan eta inguruan egingo dira: auditoriumean, skate parkean, zabalgunean, itsasadarrean... Film batzuk Filmin plataforman ikusi ahal izango dira eta programako jarduera asko streaming bidez (Twitch) eskainiko dituzte.
Jarduera horietako hiruk protagonista getxoztarrak izango dituzte: Kepa Acerok 5 olatu, 5 kontinente argazki-erakusketa aurkeztuko du eta surf taula iraunkorren fabrikazioari buruzko tailer bat zuzenduko du; gainera, Bonzos taldeak punk-rock kontzertua eskainiko du museoko zabalgunean hilaren 27an, domekan, 13:00etan.
Informazio gehiago, jardueren programa eta sarreren salmenta https://www.bilbaosurffilmfestival.eus webgunean.