Archipiélagos taldeak zabalduko du Lehiaketa ekainaren 29an. Italiako, Luxenburgoko eta Frantziako bost gaztek osatutako bandak musika klasiko garaikidean, rock progresiboan, erritmo elektronikoetan eta free jazzean oinarritutako jazza interpretatzen du. Iaz Nuova Generazione Jazz eta Barga Jazz Contest lehiaketak irabazi zituzten, eta debuteko diskoa kaleratu zuten: Il Labirinto dei Topi.
Biharamunean, hilaren 30ean, eguenean, Filippo Deorsola Group arituko da. Piano, kontrabaxu eta bateriaz osatutako hirukote honek, Italiako, Herbehereetako eta Belgikako hiru musikariak bildu ditu. Azken herrialde horretan sortu zen taldea, eta Filippo Deorsola piano-jotzaile gaztea du buru. Bere estiloa inprobisazioan eta diziplina anitzeko kontzeptu filosofiko eta estetikoen ikerketan oinarritzen da.
Hirugarren egunean, uztailaren 1ean, Loek van den Berg Quintet-en txanda izango da, 2019. urtean musika eszenan abiatu zen Herbehereetako taldea, hain zuzen ere. Ibilbide horretan, taldeko liderraren konposizio melodiko eta malenkoniatsuak ardatz duen estiloa sortu dute, eta aurten bere lehen diskoa kaleratuko dute: Wayfarer. Horretan, taldeak Europa eta Asiako herrialdeetan eskaini dituzten emanaldietan ezagutu dituen paisaia musikalak gerturatuko dizkio zaleei.
Azken finalistak, Symbiosis boskote hungariarrak, amaiera emango dio lehiaketari uztailaren 2an. Horren kide guztiak bere herriko jazz-eszenako musikari gogotsuak dira, eta jazz garaikide eta modala interpretatzen dute, beste eragin batzuk alde batera utzi gabe.
Sariak
4.300 euro jasoko dituzte lehiaketaren irabazleek, eta diskoa grabatuko dute zuzenean Jazzaldian. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu. Halaber, finalerako hautatutako lau bandek 1.000 eta 2.000 euro bitarteko laguntzak jasoko dituzte dieta gisa (bidaia egiteko, egile-eskubideak ordaintzeko…) eta egonaldia antolatzaileen kontura izango da. Sariez gain, ohi denez, irabazleek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissa Jazz jaialdietan parte hartuko dute.