Getxok 3,5 milioi euro jaso ditu NextGenerationEu susperraldi ekonomikorako Europako funtsetatik

Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 13:18

Europar Batasunak, NextGenerationEu Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez, pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko sortua, Getxori 3.497.603 euroko diru-laguntza eman dio udalerrian egin beharreko hainbat inbertsio ordaintzeko. Besteak beste, diru horregaz Areneko igogailua ezarri eta Areetako Xake plazako, Zugatzarte etorbideko eta Kale Nagusiko obrak egingo dituzte.

Laguntza hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren udalerrientzako laguntza-planaren bidez izapidetu da, emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko. Honako proiektu hauetara bideratuko da:

Algortako Arene kalean irisgarritasun unibertsala hobetzea igogailu bertikal baten eta pasabide baten bidez (300.300 euro).

Iparbide-Alango kaleen ardatzeko bosgarren igogailua izango da eta ingurunearen irisgarritasuna hobetzeko irtenbidean integratuko da, Hezetasuna auzoari zerbitzua emanez eta Areneazpi, Arene, Areneondo, Euskal Herria, Juan Bautista Uribarri eta Alango kaleak modu irisgarrian lotuz, baita Iparbidetik sartzeko eremuan dauden etxebizitzei ere. Igogailua ibilbide seguru eta irisgarrian sartuko da, Algortako erdigunetik Fadura kiroldegiraino, Areneazpi eta Izalde kaleen bitartez.

Bizikleta-ibilbide bat sortzea Zugatzarte etorbidean Getxo-Bilbo hiriarteko ardatzera sartzeko (1.269.897 euro).

Daborduko gauzatzen ari den proiektu honen helburua da Areeta, Zugatzarte eta Algorta etorbideen hiri-eraldaketa. Oro har, obrak aurreikusten du Getxoko sarbideak Avanzadatik hobetzea, ibilgailuen zirkulazioa motelduz eta, beraz, segurtasuna areagotuz eta kutsadura akustikoa gutxituz; lehentasuna oinezkoari ematen dio obrak, eta aisialdiko edo garraioko inguruneetan bizikletaren erabilera bultzatzen du, bidegorrien sarearen bidez hiriko hainbat puntu lotzen baititu; eta argiztapenaren eraginkortasun energetikoa hobetzen dute.

Isuri gutxiko eta deskarbonizazio-gunea ezartzea Areetako Xake plazan, korridorea eta hiri-birika berdea eginez (1.310.133 euro).

Areetako Xake plaza hiri-baso bihurtzeko proiektua da, herritarrek parte hartzeko prozesu baten ondoriozkoa eta lorategi eta zuhaizti eremu handia aurreikusten duena, eta horien artean ibilbideak eta atseden-guneak tartekatuz; anfiteatro naturala eta topaketarako edo jardueretarako agertokia, egonaldirako estalitako bi gune berri eta haurrentzako jolasgunearen estaldura-azalera handi bat ere egongo dira ibilgailuen trafikotik babestuta. Egungo iturria eta pergola kenduko dira, eta plaza osorako irisgarritasuna hobetuko da.

Areetako Kale Nagusia zati batean oinezkoentzat bihurtzea, 1. fasean, isurketa txikiko eremu bat sortzea eta ingurumen-kalitatea hobetzea (617.271 euro).

Hiri Mugikortasun Iraunkorra bultzatu gura da Areetako kale nagusietako batean, Santa Ana etorbidearen eta Xake plazaren arteko tarte batean, hain zuzen. Bidegorri bat sortuko da eta autoak hirigunetik aterako dira, Europar Batasunak ildo horretan ezarritako zuzentarauei jarraituz. Laster aurkeztuko den proiektu honek kalea irabazi gura du pertsonentzat, eta Xake plazarako aipatutako proiektuagaz bat etorriko da.

Laguntza ekonomiko hori Getxok jasoko dituen 3.405.000 euroei gehitzen zaie, ahal dela Bizkaiko lau trantsizio estrategiko handiak sustatzen dituzten proiektuetan inbertitzeko: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena. Lurralde historikoko udalerriek 58 milioi jasoko dituzte Bizkaiari esleitutako 95 milioietatik, pandemiak eragindako krisiaren eragina arintzeko estatuko baliabideetatik datozenak, Foru Aldundiak banatuko dituenak.

Amaia Agirre Getxoko alkatea pozik agertu da gobernu-talde honek funts horiek lortu dituelako: “Getxo giza garapen jasangarriarekin konprometitutako udalerri bihurtzeko, abian jarriz getxotarren eskariekin eta beharrekin koherenteak diren jarduerak, mugikortasun jasangarria, osasungarria, aktiboa, segurua eta ingurumenarekiko arduratsuagoa bultzatuz”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun