Ertzaintzak jipoitutako emakumearen aurka Jaurlaritzak jarritako salaketa kentzeko eskatu dute

Argia.eus 2022ko mar. 1a, 13:49

2018ko maiatzean Silvia izeneko emakume boliviar bat legez kanpo atxilotu zuen ertzaintzak eta eraso bortitza jaso zuen Getxoko ertzain-etxean. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren akusazioa dela-eta, 7 urte arteko espetxe zigorra eskatzen diote Silviari. Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Silviaren abokatu Agatha Líbano Eusko Legebiltzarrean izango dira martxoaren 2an, eta Ertzaintzarengandik jasandako "eraso bortitza" salatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari salaketa kentzeko eskatuko diote.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak horrela kontatu ditu 2018ko maiatzaren 26an Silviaren eta Ertzaintzaren artean izan ziren gertakariak:

"Agente batzuek kalean zegoen pertsona bat, itxuraz etxerik gabe, modu txarrean nola tratatzen zuten ikusi zuen Silvia L-k eta hura geldiarazten saiatu zen. Poliziak pertsona hura indarrez lurretik altxatu nahian astintzen zuela ikusi zuen. Orduan, poliziaren tratu txarrak ikusita, zabarkeria horren zergatiagatik galdetu zien. Agenteek kontu horretan ez sartzeko esan zioten eta bultzatu egin zuten Silvia. Atzerantz erori zen. Bi agente zeuden, batek iraindu eta besteak bultzatu egiten zion. Batek esan zion, uniformea bere eskuekin ??hartuz: 'Ikusten duzu zer den hau? Ba al dakizu zer den? zoaz zure herrialde madarikatura, zoaz pikutara'.

Silvia bultzatu zuen ertzaina, berarekin kanpoan geratu zen, iraindu zuena supermerkatuan sartu zen bitartean. Momentu horretan, babesten saiatu zen etxegabea laguntzeagatik eskerrak ematera hurbildu zen Silviarengana, eskua luzatuz, baina agenteetako batek gizonari kolpe bat eman zion hura saihesteko, eta momentu horretan, beste ertzain pare bat iritsi ziren. Handik gutxira, Silviaren bikotekidea supermerkatutik irten zen eta batu berri ziren agenteengana hurbildu zen, zer gertatu zen galdetuz, eta Silvia espetxeratuko zutela esan zioten. Ofizialetako batek Silvia alde batera eraman nahi zuen, hitz egiteko antza, eta Silvia herrenka ibiltzen hasi zenean (zartadura bat zuelako), hormaren kontra bultzatu zion ertzainak eta eskuburdinak jarri zizkion.

Ez zioten inolaz ere bere bikotekideari hurbiltzen utzi. Zuzenean Algortako komisaldegira eraman zuten.

Getxoko Ertzain-etxera iritsi zenean, Silviak bere eskubideak ezagutu nahi zituela eskatu zuen eta isiltzeko esan zioten.

Komisaldegira eraman zuten, eta agenteetako bat Silviaren zorroan arakatzen hasi zen. Silviak azalpenak eskatu zizkion orduan. Ez zioten haren eskaerari jaramonik egin eta ziegan sartzeari ekin zioten. Orduan, agenteetako batek bortizki jo zuen 5 aldiz, El Correon argitaratutako bideoan ikus daitekeenez. Azkenik, eraso eta tratu txarren ostean, ziegetara bota zuten, non gau osoan egon zen hurrengo eguneko goizera arte".

Tratu txarrak jasan ostean, auzipetua Silvia bera da

Bizkaiko SOS Arrazakeriak dio Silvia atxilotu eta biharamunean, epaitegiak izendatutako abokatua komisaldegira joan zenean ertzainak egindako txostena aurkitu zuela, "agente erasotzaileak berak salaketa jarrita. Era berean, bere askatasuna kentzean eragindako zauriak ez dira txostenean jasotzen".

Arrazakeriaren aurkako eragileak zera salatu du: "Lau urte igaro dira legez kanpoko atxiloketa baten testuinguruan gertatutako abusu basati honetatik, eta Eusko Jaurlaritzak soilik Silviaren aurka egin du eta guztiz neurrigabeko salaketa bat ezarri dio: Silviak 7 urteko espetxe zigorrari aurre egin behar dio". Gertaera mota hauek "ez direla kasu isolatuak" oroitarazi du SOS Arrazakeriak eta zera eskatu du: "Eraso arrazisten aurrean zigorgabetasun gehiagorik gabe, justizia eta erreparazioa". Bide horretan, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio "Silviaren aurkako salaketa bidegabe, neurrigabe eta izugarriari uko diezaion, dauden frogak eta horrekin bat datozen akusazioei erreparatuta".

Bizkaiko SOS Arrazakeriak 2021ean salatu zuen epaitegietako prozesua oztopatzen ari zela justizia.

Albiste hau argia.eus-ek argitaratu du eta cc-by lizentziarei esker ekarri dugu hona.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun