Getxoztarrek ekarpenak egin ditzakete 2023ko aurrekontuetan ezartzeko

Erredakzioa 2022ko mar. 2a, 13:45

Datorren urteko Aurrekontu Parte-hartzaileen lehenengo fasea martxan dago; hala, getxoztarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte datorren martxoaren 20ra arte. Ainhoa Galduroz zinegotzi arduradunak adierazi duenez, "Zeugaz online plataformaren erabilera bultzatuko da, hitzaldi informatiboak emango zaizkie udalerriko ikastetxeetan 16 urtetik gorako ikasleei eta Romo Kultur Etxean Zahartze Aktiboko ekintzetan parte hartzen duten pertsonei-, eta informazio-stand bat jarriko da udalerriko hainbat auzotan”.

Aurrekoetan bezala, getxoztarrek honako proposamen hauek aurkeztu ahal izango dituzte: udal-eskumenekoak; interes orokorrekoak –bai auzo edo kolektibo sozial batentzat, bai udalerri osoarentzat–; 2023ko aurrekontu-ekitaldian soilik finantzatzekoak; denbora egokian egin ahal izatekoak; baliabide tekniko, juridiko, ekonomiko eta giza baliabideei dagokienez iraunkorrak izan behar dira, zehatzak eta kuantifikagarriak; ez dute ekarri behar laguntza ekonomikoak, diru-laguntzak, bekak, sariak edo langileen kontratazioak eskatzea; ez dira dagoeneko onartuta edo hasita dauden beste partaidetza-programa, -proiektu edo -prozesu batzuen bidez gauzatu behar; ez dute eduki ilegalik, difamatzailerik edo diskriminatzailerik izan behar, eta dagoen esparru juridikoa eta legala errespetatu behar dute.

Prozedura

Ekarpenak honako hauek aurkeztu ahal izango dituzte: Getxon erroldatuta dauden pertsona guztiek, 16 urtetik gora badituzte; Getxoko Udalaren Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden erakunde guztiek; eta elkarte, fundazio, sindikatu, enpresen elkarte, elkargo profesional, zuzenbide publikoko korporazio edo bestelako erakundeek, antolamendu juridikoan ezarri denarekin bat, nortasun juridikoa badute eta euren sozietate-egoitza edo establezimendu iraunkorra Getxon badago.

Proposamenak aurrez aurre edo online egin daitezke eta jasotzeko ezarritako bideak ondorengo hauek izango dira: 

  • Inprimakia paperean bete eta Algortako (Torrene) eta Areeta-Romoko (Ogoño) Herritarren Arretarako Bulegoetako hautetsontzietan utziko da; Fadurako eta Gobelako kiroldegietan; Algortako Kultur Etxean (Villamonte), Romo Kultur Etxean eta San Nikolaseko liburutegian.
  • Informazio-standa. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ondorengo leku hauetan:
  • Areetako Xake plazan (martxoak 3, 4 eta 5).
  • Bidezabalgo osasun zentroaren ondoan dagoen plazan (martxoak 7 eta 8).
  • Malakate plazan (martxoak 9).
  • Algortako Tellexe plazan (martxoak 10, 11 eta 12).
  • Areetako, Algortako eta Bidezabalgo metro geltokien inguruan dauden postontzietan eta Andra Mari kiroldegian.

Paperezko formatuan aurkezten diren herritarren proposamenak zeugaz.getxo.eus online plataformara bideratuko dira; beraz, online euskarrian kontsultatzen dituzten beste pertsona batzuek ezagutu ahal izango dituzte. Online parte hartzeko, aurreko webgune horretan erregistratu besterik ez da egin behar, urratsei jarraituz eta eskatzen diren eremuak betez.

Epea amaitu ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek aztertuko dute herritarrek aurkeztutako proposamenen bideragarritasun ekonomikoa zein teknikoa. Baldintzak betetzen dituzten proposamenak proiektu bilakatuko dira.

Udalak jakinaraziko du hautatutako proiektuen behin betiko zerrenda eta, bigarren fasean, Getxoko bizilagunek lehenetsiko dituzte proiektuak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun