Trafiko-aldaketak egingo dituzte Getxon domekan Bilbao Bizkaia Marathon dela eta

Erredakzioa 2022ko mar. 3a, 11:18

Bilbao Bizkaia Marathon lasterketaren lehen edizioa dela eta, domekan, hilaren 6an, zirkulazio-aldaketak egongo dira  Areetan eta Algortan, kirol-proba horren ibilbidearen zenbait puntutan.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko eta Getxoko udalek sustatutako lasterketa hori kirol, gizarte, turismo eta ekonomia ekitaldi dinamizatzaile bihurtzeko helburuaz sortu da, eta etorkizuneko kirol-ekitaldi aktiboa izango da, hiriburuen arteko oreka bermatuko du eta sektore hori Bilbon eta Bizkaian sustatuko du, bai alderdi herrikoian, bai profesionalean. Era berean, World Athletics Label Road Races proben artean nabarmenetakoa izan nahi du, eta finishers kopurua (lasterketa amaitzen duten korrikalariak) Europako erreferentziako beste maratoi batzuekaz berdindu gura du.

Ibilbidea Getxotik

Maratoiak Getxon egingo duen ibilbidea honako hau izango da:

  • Joaneko ibilbidea: Eduardo Coste-Areetako etorbidea, Andrés Larrazabal (bidegorri), Arriluze kaia, Kirol Portua, Ereaga moila, Igeretxe eta Portu Zaharra.
  • Itzulerako ibilbidea: Portu Zaharra, Igeretxe, Arriluze, Arriluze kaia (bidegorri), Areetako kaia (pasealekua), Tomás Olabarri moila, irteera Eduardo Costera Amaia parean eta Eduardo Costeren irteera udalerritik.

Trafiko-aldaketak

Getxon probak irauten duen bitartean, Eduardo Coste eta Areetako etorbideak itxita egongo dira, bi noranzkoetan. Beraz, itxita egongo dira Eduardo Costeren sarrera, itsasadarreko errepidetik, eta Pinuetako sarrera, Areetako noranzkoan, Zugazartetik. Andres Larrazabaletik irteteko, eskuinera biratu beharko da, Algortarako noranzkoan. Beharrezkoa denean, ibilgailuek perpendikularrean gurutzatu ahal izango dute, Eduardo Coste edo Areetako etorbidea.

Bizkaia Zubiak zerbitzua ematen jarraituko du, baina ibilgailuen sarbidea Maximo Agirreren biribilgunetik eta Gobelatik soilik izango da.

Lertegiko bidegurutzean, Algorta-Areeta noranzkoan, eskuinerako biraketa itxi egingo da Lertegi kalera sartzeko; beraz, ibilgailuek Pinuetako bidegurutzeraino jarraitu beharko dute, eta han Pinuetarako biratu beharko dute derrigorrean.

Arriluzeko kaian, lasterketa bidegorritik gertuen dagoen erreitik (joanekoan) eta bidegorritik (itzuleran) igaroko da, eskuineko erreia Portu Zaharrerako/Kirol Porturako norabidean geratuko da, Arriluzeko kaitik irten ezin diren ibilgailuen zirkulaziorako, Ereagako jaitsieratik atera beharko dira.

Igeretxeko biribilgunetik aurrera, lasterketa Portu Zaharreko irteerako erreitik igaroko da, eta joateko erreia ibilgailuak sartu eta irteteko geratuko da. Kasu horretan, beste bide bat emango zaie ibilgailuei.

Itzulerako ibilbidean, lasterketa La Olatik Igeretxeko biribilguneraino joango da, bidegorritik, Areetako kaitik, Txurrukako kaitik eta Tomas Olabarri kaletik jarraitzeko.

Probari buruzko informazio gehiago hemen: https://bilbaobizkaiamarathon.com/    

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun