Inauterietako jarduera asko, eta udako jaiak ere, kolokan egon daitezkeela ohartarazi du Algortako jai batzordeak

Iker Rincon Moreno 2022ko mar. 3a, 12:29

Datozen egunotan ospatuko diren inauterien egitaraua osatzeko izan dituzten zailtasunak direla eta, Algortako jai batzordeak ohartarazi du aurreikusitako jarduerak kolokan daudela eta, gainera, udako San Inazio jaiak "arriskuan" egon daitezkeela Getxoko Udalak "bete ezineko baldintzak" eskatzen hasi zaizkiolako: "Azken asteko eskakizunakaz Udala urrunegi joan delakoan gaude; inauterietako egitarauaren zati handi bat kolokan ipini dute".

Joan den aste-akabuan, Algortako jai batzordeak mezu bat zabaldu zuen sare sozialetatik esanez inauterien egitaraua "stand by" egoeran zegoela. Orain azaldu duenez, Getxoko Udalak ezarritako askotariko zailtasunak izan dituzte azken asteotan programa osatzeko, hori pandemiak baldintzatutako egoerara egokituta egon arren. Eta horrek zeharo baldintzatu du aurreikusitako egitaraua betetzea. "Litekeena da planifikatuta genituen ekimen denakaz aurrera ezin egitea, eta horietako asko bertan behera geratzea", ohartarazi dute jai batzordeko kideek.

Duela urte biko etenaldiaren ondoren, gogotsu eta larrialdi-egoerara egokitutako jarduerak prestatzen saiatu da Algortako jai batzordea. "Gure asmo bakarra herritarren aurpegietan irribarrea berriro marraztea zen; hau da, kaleak musikaz eta mozorroz betetzea, betiere denon osasuna jokoan jarri barik", dio batzordeak. Hala, kideak, boluntarioak denak, egitarau "oso xumea" antolatzen hasi ziren, jende-pilaketak sor zitzaketen kontzertuak, bazkariak eta bestelakoak bazter batean utzita. Gainera, gogoratu dute, jai batzordea bera indargabetuta dagoela gaur egun, egoera kaskarra bizi duela, eta, hori dela eta, gauzak modu errazago batean antolatzeko aukera bilatu dutela.

Hala ere, errazagoa izan behar zuena zeharo korapilatu dela salatu dute jai batzordeko kideek. Diotenez, Getxoko Udalak eskakizun tekniko ugari eskatu dizkie, "horietako asko zentzugabeak eta neurriz kanpokoak. Udalaren atal ezberdinen arteko koordinazio falta egon da, eta eskaera zein informazioak kontrajarriak izan dira. Horiek denak zeharo baldintzatu dute gure lana; itotzeraino estutu dute jai-batzordea".

Banan-banan, udal-arduradunek eskatutakoa betez joan dira antolatzaileak, joan den astea heldu arte: "Azken asteko eskakizunakaz Udala urrunegi joan delakoan gaude. Horietako batzuk bete ezinezko baldintzak dira; inauterietako egitarauaren zati handi bat kolokan ipini dute. Hortik, sare sozialetan zabaldutako 'stand by' mezua. Hori gutxi balitz bezala, horrek denak jai batzordeko kideon gogo-aldartea hondatu du".

Hori guztia dela eta, eta inauterietarako egitarau "xumea" antolatzeko arazoak kontutan hartuta, zailtasunak jarraituz gero, ohartarazi dute ezinezkoa egingo zaiela San Inazio jaiak antolatzea: "Gure jaiak arrisku larrian daude!".

Horren denaren aurrean, jai batzordeak gogoratu du ez dela enpresa pribatu bat eta jaiak antolatzea ez dela horretan lanean dauden kideen ogibidea: "Herritarrekiko eta jai herrikoiekiko daukagun konpromiso sakonak eroaten gaitu boluntario lana egitera". Hala, ospakizunak modu koherente batean antolatzeko elkarlan-eredu bat lehenestea eskatu diote Udalari, eta, bide horretan joateko, eurakaz batzeko eskatu diote: "Zinez uste dugu konponbidea topatu ahal zaiola egoera honi".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun