Doinua: Mundu honetan holako gauzak.
Gosaldu eta eguneroko
erritu guztiak, amen.
Luze egiten zaizkit orduak,
ordu erdi, ordu laurden...
“Aizu, banoa. Errekaduak
egin behar ditut han-hemen...”
Gogoratu naiz, eta eskerrak,
itxura egitearren
patrikan sartu dudan poltsa hau
etxetik irten baino lehen.
Erantzun ez dit egiten baina,
urduri jartzen naiz beti.
“Gizona! Trankil egon hadi ba,
heure buruaz erruki!”
Noan ba Luisen tabernara, hark
zer behar dudan badaki.
Katilu salda ardoarekin,
gorputza sano eduki.
Goiz da, saldarik ez badu ere
ardoa soilik ederki.
Euririk gabe euritakoa...
gaur ez nabil oso trebe!
Lehen tragoa arin behar dut,
egingo baitit mesede.
Ardoa nire egin dezadan
eta ardoak ni bere.
Gero etxean bazkaltzen ez dut
edukiko, hala fede,
bazkalaurretik edan beharko dut
bazkalordukoa ere.