Bost urteko ibilbidean, Ramiro Pinillaren omenezko lehiaketa erreferente bihurtu da literaturaren sektorean, EAEn zein EAEtik kanpo. Jasotako lanen kopurua eta horien aniztasunak (eleberri historikoa, intrigazkoa, sentimentala, kostunbrista…) lehiaketaren garrantzia bermatzen dute, orain arte irabazle izan diren lanen kalitateagaz batera. Izan ere, orain arte, saritutako lan gehienak argitaratu dira edo argitaratzeko bidean daude.
Getxoko Kultur Etxeak sustatzen duen lehiaketak Pinillesca kolektiboaren ekimenez sortu zen, eta bi helburu ditu: idazle ospetsuaren oroitzapena mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatu. Bi sari emango dira lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, irabazleek 6.000 euro bana jasoko dituztela. Sariaz gain, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere emango zaie saridunei. Epaimahaiak, literatura arloko aditu ospetsuek osatutakoa, irailaren 16an jakinaraziko ditu irabazleen izenak, egun horretan bertan Muxikebarrin egingo den sari-banaketa ekitaldian.
Haurren lehiaketa
Helduentzako lehiaketagaz batera, 5. Txiki Baskardo kontakizunen lehiaketa ere abian jarri da. Ramiro Pinillaren lana ezagutzera emateaz gain, ekimen horren bitartez DBHko 1. mailako ikasleen artean literatura-zaletasuna bultzatu gura da. Bertoko zenbait ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute eta, aurreko fasearen ondoren, finalistak hautatuko dira.
Finala ekaineko azken astean edo uztaileko lehenengoan izango da Getxoko Kultur Etxeko areto batean, eta 120 minutu izango dituzte luzera askeko kontakizun bat eskuz idazteko, epaimahaiak zehaztutako esaldiari jarraituz. Esaldia Ramiro Pinillaren Txiki Baskardoren ibilerak liburutik aterako da. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko. Irabazleek 10 hazbeteko tableta elektroniko bat jasoko dute eta finalistei diploma eta Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txekea emango zaizkie.