Getxo Kirolak-ek 1,2 milioi euro banatuko ditu udalerriko klub eta kirolarientzako diru-laguntzetan

Erredakzioa 2022ko mar. 11a, 11:30

© GETXO KIROLAK

Getxo Kirolak-ek ireki du epea herriko klub eta kirolariek aurtengo diru-laguntzak eska ditzaten. Guztira, 1.236.000 euro banatuko ditu laguntzetan, klubei eta elkarteei ohiko jardueratik eratorritako ordainketak egiten laguntzeko nahiz banakako lehiaketetan parte hartzen duten errendimendu handiko tokiko kirolariei laguntzeko.    

Iazko urtea COVID-19aren eraginak izugarri baldintzatu zuen, eta, alderaketa bat eginda, 2022an diru-laguntzen partida osoan 66.000 euro gehiago izango dira. Igoera hori nabarituko da lehiaketako kirolarentzako laguntzetan (30.000 euro gehiago) nahiz ekitaldien antolaketan (28.000 euro gehiago). Modu horretan, denboraldiko lehiaketetan parte hartzen duten klubei eta errendimenduko kirolariei 685.840 euro bideratuko zaizkie; oinarrizko kirola garatzeko 235.000 euro bideratuko dira; ekitaldien antolaketak 225.830 euroko diru-laguntza izango du; bertako kirolak sustatzeko 40.000 euro erreserbatu dira; eta emakumezkoen kirola sustatzeko beste 25.000 euro. Gainera, erakunde interesatuen esku jarriko dira 22.830 euro aurreikusi gabeko lehiaketetan parte hartzeko; 1.000 euro erreserbatuko dira muturreko kiroleko modalitateetan parte hartzen duten kirolarientzat; eta, azkenik, 500 euroko laguntza emango da herriko jaietan antolatzen den kirol-ekimenen bat bultzatzeko.

Laguntza horiek guztiak emateko, hainbat balorazio-irizpide bete behar dira; hala nola, emakumeen kirola sustatzea, ezinduentzako jarduerak antolatzea eta klubak udalerriko kirol-politikan inplikatzea eskola-kiroleko programen bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun