Arteen Sukaldea-k hausnarketarako programa eskainiko du, eta horretan zuzeneko arteakaz eta, zehatzago, kaleko arteakaz zerikusia duten hainbat gairi buruzko eztabaida sortu nahi du. Aurten, jardunaldiaren izango da helburua sektore horren gaineko ikuspegi berriak garatzea, ardatz tematiko batetik abiatuta: publikoak sortzea. Horretarako, zenbait hitzaldi eta mahai-inguru izango dira sektoreko profesional eta eragileen eskutik.
Programazioa maiatzaren 12an abiatuko da, ekarpen teorikoei eta kasu iradokitzaileei begira, tokiko, estatuko eta nazioarteko eragileakaz egingo diren hitzaldien bitartez. Jardunaldiaren lehen zatian, gonbidatuek beren bizipenak azalduko dizkiete ikusleei, dinamika artistikoak antolatu eta espazio berrietan eta leku ez-konbentzionaletan esperientziak sortzearen inguruan. Bigarrenean, mahai-inguruen bidez, euskararen sustapenerako testuinguru kulturalak eraikitzearen garrantzia aztertuko da, baita publikoak euskal kulturaren inguruan sortu eta fidelizatzearen garrantzia ere. Lehenengo jardunaldian parte hartuko dute, besteak beste, Raul Ramosek, arteetako publikoaren portaeraren ikertzaileak, eta Lisa Baxter egile eta ikertzaileak, Londresko Royal Society or Arts-eko kideak.
Hurrengo egunean, maiatzak 13, Baxter berak hitzaldi-tailerra eskainiko du, publikoak sortzeko eta ezartzeko modu berrien inguruan. Ekintza artista eta eragile-sortzaileei zuzenduta dago, bai eta kultur erakundeetako programazioaren kudeatzaile eta arduradunei ere.
Kaleko ikuskizunak
Jardunaldiak direla eta, hilaren 13an, arrastian, Muxikebarriko inguruetan kaleko arteen bi ikuskizun eskainiko dira. Biek tokiko gazte-kolektiboakaz lankidetzan garatu dira, eta Artekalek eta Kultur Etxeak abiarazitako deialdiaren barruan hautatu dituzte. Lehenengoa, Zirkotarrak, Zirkozaurre taldeak diseinatutako ikuskizuna da eta zirkuaren bitartez, 16 eta 25 urte bitarteko gazte getxoztarren istorioak eta errealitatea gerturatzen dizkio publikoari. Bigarrena, Gora bihotzak izenekoa, La Pez konpainiaren diziplina anitzeko hiri-inguruneko esku-hartzea da, Gaude Aniztasun Funtzionalaren Elkarteko kide gazteen elkarlanean eginikoa. Bi lan horiek garatzeko, konpainiek zenbait tailer egin dituzte parte-hartzaileakaz, ideia eta sentsibilitate desberdinei modu ludiko eta artistikoan ahotsa emateko apustua eginez.