Getxon erroldatuta dagoen eta musika-arteen barruan bakarka zein taldean lan egiten duen edozein pertsona fisikok, adinez nagusi denak, eskatu ahal izango ditu egoitza-bekak. Talde bakoitzeko gehienez bost pertsona egongo dira. Beka bakoitzeko, gutxienez onuradunetako batek (bekaren eskatzaileak) getxoztarra izan beharko du. Proiektuak Romo Kultur Etxean garatuko dira, eta bertako entsegu-aretoak, musika-ekipamendua eta laguntza teknikoaren zerbitzua erabili ahal izango dituzte hautatutakoek.
Bigarren edizio honetan, bi egonaldi mota egongo dira. Lehenengoak, 9 hilabeteko iraupena izango du, eta 2022ko irailetik 2023ko maiatzera bitartean gauzatuko da. Proiektu bakarra aukeratuko d,a eta 12.000 euro emango dira proiektua garatzeko. Bigarrenak, formatu trinkoa izango duenak, bi proiektu hartuko ditu, eta 6.000 euro bana jasoko dituzte. Egonaldia sei hilabetekoa izango da, 2022ko uztailetik abendura eta 2022ko abendutik 2023ko maiatzera, hurrenez hurren. Egoitza guztiak amaitzean, jendaurrean aurkeztuko dira egindako proiektu guztiak kontzertu formatuan.
Proposamenak arte eta komunikazio musikaleko munduari lotutako pertsonek eta Kultur Etxeko teknikariek osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu, eta hautaketa abuztuaren 17a baino lehen jakinaraziko da. Proiektuak bide telematikoz aurkeztu ahal izango dira Getxoko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez (https://eudala.getxo.eus), Getxoko Herritarren Arretarako Bulegoen bidez eta Muxikebarriko Informazio Bulegoan.