Bizarra Lepoan
Euskararen erabilera sustatzeko Udalak elkarteakaz sinatutako hitzarmenei dagokienez, iaz bost gehiago batu ziren Gehitu Kultura hitzarmenera, guztira 66 izanik, eta beste 44k bere konpromisoa mantentzen dute Gehitu Kirolagaz. Umeen aisialdiaren barruan antolatutako tailerretan, irteeretan edo udalekuetan 409 umek hartu zuten parte Bapiruke ekimenean 2021ean. Gainera, jai batzordeei eta bestelako elkarteei euskarazko eskaintza handitzeko baliabideak –itzulpenak, aholkularitza, motibaziorako gomendioak…– eskaini zizkien Bizarra Lepoan elkarteak. Horiekaz jarraitzeaz gain, aurten Bizkaiera eta Getxoko bizkaiera ikasteko ikastaroa ere antolatuko dute.
HIRUKA
Uribe Kostako 100.000tik gora euskalduni zerbitzua ematen dien Hiruka kooperatibak 12 zenbaki (9 ohikoak eta 3 bereziak) argitaratu zituen iaz, guztira 60.000 ale. Horietatik guztietatik, Getxon, 27.500 ale banatu ziren. Bestalde, atari digitalak 69.167 erabiltzaile izan zituen 2021ean.
ALBE
ALBEk, Algortako Bertso Eskolak, COVID-19ak sortutako zailtasunak zailtasun bertsozaleak erakartzea lortu zuen 2021ean, antolatutako saioetan 1.173 ikusle batzea lortuta. Urtero bezala, aurten aurrera eramango dituzten jardueren artean Bertsoz Bertso egitasmoa, Abra Sariketa, bertso afariak, Balkoitik Balkoira, Hitzaren Dantza, ALBE gala eta Bertso Eskola izango dira.
Egizu
Egizuk antolatutako ekitaldietan apurka apurka pandemiaren aurreko kopuruetara itzultzen ari da. Iaz, guztira, 2.000 bat lagun inguru ibili ziren antolatutako ekimenetan (Berbalaguna, Kultur jarduerak, Gazte Saltsa, Literaturari lotutako jardueretan, Berbodromoan…) eta aurten horietan lanean jarraituko dute.