2021eko Memoria

Getxok du 50.000 biztanletik gorako udalerrietako kriminalitate-indizerik txikiena

Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 10:01

© GETXOKO UDALA

"Hurbileko eta erantzun azkarra eta eraginkorra" eskaintzen duen zerbitzu eredu baten aldeko apustua da Getxoko Udaltzaingoaren helburu nagusietako bat, atzo goizean Herritargoko informazio-batzordeari aurkeztutako 2021eko Memorian ondorioztatzen denez. Udaltzaingoak bere txostenean agertu du gorakada nabarmena izan dela gorabeherei dagokienez; hala, 2020an mila biztanleko 37,63 delituzko indize bat izatetik 41,45 izatera igaro da, baina 50.000 biztanletik gorako udalerrietako kriminalitate-indizerik txikiena duena dela azpimarratu dute.

Memoriaren arabera, 2.350 lan baino gehiago egin dira, dagozkien gorabeherakaz, eta honako hauei eman zaie estaldura: trafiko-kanpainei, kirol-probei, segurtasun-prebentzioari, eraikinen zaintzari, emakumeen kontrako indarkeriaren biktimak zaindu eta babesteari, dekretuak egiaztatzeari, taberna eta jatetxeak ikuskatzeari eta abarri.

Hurbileko polizia-lanen artean, oinez egindako 2.160 zerbitzuak edo korrikaldiak nabarmendu dituzte (aurreko urtean baino % 184 gehiago), 2.750 ordu guztira (2020an baino % 179 gehiago). “Lan hori oso garrantzitsutzat jotzen dugu, emaitza onak ematen ari baita. Bestalde, eta lan egiteko modu horrekin jarraituz, oinezko zerbitzuak 2020an 1.135 izatetik 2021ean 1.300 izatera igaro dira”, Keltse Eiguren Herritarren Segurtasunerako zinegotzi arduradunak baieztatu duenez.

Erantzuteko denbora

Kritikotzat jotzen den gertakari baten aurrean erantzuteko denbora murriztea da udaltzainen beste helburuetako bat. Polizia-agenteen azterketa xehatu bati eta egoera estrategiko bati esker, udaltzainak edozein motatako gertakari batera azkar joatea lortzen dela nabarmendu dute arduradunek. 2021eko datuen arabera, agenteek, batez beste, 4,2 minutu behar izan dituzte auto kolpatze batera joateko, 3,4 minutu hainbat ibilgailuren arteko talka denean eta 4,5 minutu abisua sute batengatik denean.

Bide-segurtasuna

2021ean ez da hildakorik erregistratu ikertutako 118 istripuetan, eta, guztira, 365 izan dira. "Gobernu-taldearen legegintzaldiko planean, gehieneko abiadura orduko 30 kilometroko guneen kopurua handitzeko apustua egin zen, prebentzio-lan hori indartuz, bai eta udalerriko hainbat puntutan hobekuntza-lanak egitea ibilgailuen zirkulazioa moteltzeko. Eta trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak dira Getxoko udaltzainek Getxo seguruagoa izateko egin dituzten ekintzetako bat”, Eigurenek gaineratu duenez. Horretarako, 132 prebentzio-kanpaina abian jarri ziren, 23.225 ibilgailugaz.

Herritarren babesa

Udaltzaingoaren Herritarren Segurtasunerako Alorrak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta espainiar Estatuko gainerako lekuetan arau-hauste penalen joera goranzkoa izan da COVID-19aren ondoriozko neurri murriztaileak amaitu ondoren. Getxon, Ertzaintza-Udaltzaingoaren baterako datuetan, 2020an mila biztanleko 37,63 delituzko indize bat izatetik 41,45 izatera igaro da. Hala ere, kopuru hori pandemiaren aurreko urtea baino txikiagoa izan da, orduan 42,31 izan baitzen. Delitu-egitate ugarienen artean, deskuiduan egindako ebasketak, iruzurrak (digitalak) eta kalteak nabarmentzen dira, guztizkoaren % 61 izanik.

2021ean 323 pertsona atxilotu eta ikertu zituzten; 94 emakumeak eta 229 gizonak. Nolanahi ere, “datuek bermatzen dute Getxo udalerri segurua dela, 50.000 biztanletik gorako udalerrietako kriminalitate-indizerik txikiena duena”, Herritarren Segurtasunerako Arloko arduradunak nabarmendu duenez.

Genero-indarkeriari dagokionez, urte horretan 14 espediente ireki ziren eta bi etxeko indarkeriagatik, eta 28 pertsona ikertu edo atxilotu ziren. “Ildo horretan, Getxoko Udaltzaingoak sei agente prestatu ditu genero-indarkeriari aurre egiteko EBA programa berritzailearen barruan. Programa horren bidez, biktimei zerbitzu hobea eskaintzea da helburua”, amaitu du Egigurenek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun