Hainbat berritasunakaz bueltatuko dira Begoñako galerietara bisitak

Erredakzioa 2022ko api. 7a, 11:15

Egingo duten bideo-mappingaren adibideetako bat. © GETXOKO UDALA

Eraikuntzan aztarna utzi duten gure hurbileko historiaren gertakizun garrantzitsu batzuen lekuko izan den eraikinaren ibilbideak ehun urte bete dituenean, Begoñako galeriek ateak ireki dituzte berriro, eta bisiten programa bat eskainiko zaie herritarrei, apiriletik abendura arte bitartekoa, hainbat berrikuntza dakartzana.

Obren konplexutasuna eta monumentuko balioak babesteko nahia direla eta, bisiten eta jardueren programa oso zehatza egin da, leku-kopuru mugatuagaz, urtean zehar 3.500 pertsona bertaratu daitezen eta galerietako historia zoragarria ezagutu dezaten.

Getxoko alkate den Amaia Agirrek nabarmendu du Begoñako galeria herritarrak egoteko tokia izango dela. “Punta Begoña bizitzeko moduko tokia izango da herritarrentzat. Eta hiriak bizigarri bihurtzea garapen jasangarriaren helburua da, gobernu-talde honen apustua. Gainera, kultura, prestakuntza eta erakargarritasun turistiko kulturalerako gunea izango da baita berrikuntza eta parte-hartze sozialerako gunea ere. Pandemiaren urte gogorren eta oso obra konplexuaren ondoren, Udalak bultzada eman dio proiektuari Punta Begoña Fundazioaren bitartez. Oso pozgarria da getxotarren interesari erantzun ahal izatea eta galeriak berriz irekitzea bisitetarako. Gainera bisita horiek berrikuntzekin datoz, gure ondarea babesten eta babesten laguntzen dutenak. Are gehiago, 100 urte betetzen diren urte berezi honetan. Denbora horretan zehar, gure historia hurbileko mugarri garrantzitsuenetako batzuen lekuko izan da eraikina, eta, orain berpiztu ahal izango dugu historia, areto izugarri hau argiz, ahotsez eta kolorez beteko duen ikus-entzunezko ikuskizun baten bidez”.

Izan ere, galeriak ibilbide berriakaz irekiko dira eta berreskuratutako espazioak jarriko dira ikusgai; halaber, tokiak biltzen duen milioika urteko historia laburbilduko da aretoko tximiniaren gainean egingo den bideo-mapping proiekzioaren bitartez. “Getxoko Udaletik eta Punta Begoña Fundaziotik, apirilean eta maiatzean egingo den bisita mota berri batekin ospatu nahi izan ditugu urtemuga eta Galerien irekiera. Gure gidari taldearen eskutik enklabe honen sekretuak ezagutu ondoren, ibilbidea historian murgilduta amaituko dugu, mapping ikuskizun baten bidez. Esperientzia sentsoriala da, Punta Begoñako areto handi honetako horma eta dekorazioen gaineko irudien proiekzioaren bidez eraikinaren eraldaketa zuzenean ikusi  ahal izatea ahalbideratuko duena: euskarri duen labarraren eraketatik hasi eta berreskuratu arte, harrotasun eta gainbehera uneak edo duela mende bat Abrarako begiratokiaren eraikuntzatik igaroz”, adierazi du Punta Begoña Fundazioko zuzendari den Maria Peraitak.

Apiriletik abendura bitartean egingo dira bisitak, baina apirilean eta maiatzean soilik egingo da aipatutako bideo mapping-a. Ahalik eta bisita gehien lortzeko egindako esfortzuari esker, 1.250 plaza gaituko dira bi hilabete horietan eta, hortaz, aurreikusten den eskaria dela-eta, 2 euroko prezio sinbolikoa ezarri da, erreserbarekiko konpromisoa bermatzeko eta inor kanpoan geratu ez dadin. Ekarpen hori monumentu historikoa berreskuratu eta sozializatzeko erabiliko da. Ondoren, obrako nahiz berreskuratze-prozesuko inguruabarretara egokituko da bisita; hala, jarduera aldakor eta ebolutiboa izango da, Begoñako galeriez gozatzeko esperientzia bakarra izan dadin beti. Monumentu baten eraldaketa bizi eta partekatzeko aukera.

Lekua erreserbatzeko, sartu Begoña galerietako webgunera (www.puntabegonagetxo.eus) edo Getxoko Turismo Bulegora jo (944 910 800), egun bakoitzeko ordutegi- eta hizkuntza-eskaintza ezagutzeko. Mendeurrenaren ziozko irekiera ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan eskainiko da, goizeko eta arratsaldeko txandetan, gaztelaniaz zein euskaraz.

Begoñako historia

Getxoko historia eta, bide batez, Euskal Herrikoa ere ezagutzeko espazio paregabea da. Mugarri geologikoa, historiaurreko giza kokagunea, bateria militarra, XX. mende-hasierako loraldi kultural zein sozialaren erdigunea... eraikin honen hormetan duela ehun urte Bizkaian bizi izandako eraldaketaren aztarnak daude ikusgai.

Gaur egun, Getxoko Udala monumentua berreskuratzeko lanak egiten dabil, gizartearen zerbitzura dagoen sormenerako, erakusketarako, prestakuntzarako, nahiz gozamenerako espazio bihurtze aldera. Euskal Herriko Unibertsitateagaz batera ikerketa sakona egin da eta, horri esker, eraikinean eragiten zuten kalteak antzeman dira baina, bereziki, bere balioak zehaztu dira; gauzak horrela, aurrera egingo du hurrengo faseak, non esku-hartzea eta erabilera publikoa areagotuko baitira, oraingoan Punta Begoña Fundazioaren gidaritzapean.

Eraikin berritzaile hau duela mende bat eraiki zen, eta orain bizitegi-guneak berriz ere irekiko dizkie ateak getxoztar eta bisitariei, ezagutu ditzaten bertan dauden paseatzeko galeriak, itsasertzera ematen duten begiratokiak, itsaslabarraren gainean dauden terrazak eta aretoa. Aipatutako aretoa, Xurxo Ayán arkeologo eta komunikatzaile ospetsuak esan bezala, "Estatuko kapsula historiko interesgarrienetako bat" da, bertako apaingarri eder eta pintura txundigarriak direla eta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun