Zabalik dago Getxo Kirolak-eko udako kirol ikastaroetan izena emateko epea

Erredakzioa 2022ko api. 12a, 12:34
Artxiboko irudia.

Getxo Kirolak-ek 1.300 plaza eskainiko ditu Fadura eta Gobela kiroldegietan uztailean eta abuztuan antolatuko diren udako ikastaroetan. Programazioa haurrengana eta gazteengana zuzendutako jardueretan oinarritzen da, baina, halaber, pertsona helduentzako padel modalitatea barne hartu da. Izena emateko epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik, eta derrigorrezkoa izango da harpideduna izatea.

Eskaintzaren baitan, nabarmentzekoak dira haurren aisialdiko eta askotariko kirolen 4 orduko ikastaroak, 4 eta 14 urte arteko neska-mutikoentzat astelehenetik barikura goizez, zeinetan zaintza zerbitzu bat emango den jarduera ordutegiarekiko ordu erdi lehenago eta ondoren, egunero ingelesa ikasteko aukera izanik ordu betez. Gainera, Grand Slam-eko ikastaroak emango dira, zeinetan praktikatzen diren tenisa, padela eta uretako jarduerak, 8 eta 16 urte arteko adingabeentzat; eta igeriketa klaseak Getxo Igeriketa klubaren eskutik, 4 eta 17 urte arteko adingabeentzat.

Grand Slam eta igeriketa jardueren kasuan, izena zuzenean eman beharko da Getxo Igeriketa klubeko webgunean. Gainerako ikastaroetarako, aurre-inskripzioak maiatzaren 6ra arte egin ahal izango dira Fadura eta Gobelako jendaurreko arretarako bulegoetan edo Getxo Kirolak-en webgunean. Online izapidearen harira, NAN elektronikoa edo sarbide pasahitza pertsonal bat erabiliko dira eta azken hori kiroldegietako bulegoetan eskatu beharko da asteko edozein egunetan 8:00etatik 21:30era. Online sarbide pasahitzak ahalbidetzen du ez bakarrik instalazioak erreserbatzea, baita deialdietako edozeinetan –udako ikastaroak eta denboraldiko ikastaroak– altak eta bajak kudeatzea ere. Plazen zozketa maiatzaren 11n emango da argitara.

Kirol klubek antolatutako kirol jardueren eskaintza

Getxo Kirolak-eko eskaintzaz haratago, klub getxoztarrek kirol ikastaroak eta campusak antolatuko dituzte udan zehar honako modalitateetan: atletismoa, kirol egokitua eta inklusiboa, errugbia, eskubaloia, futbola, gimnasia erritmikoa, psikomotrizitatea eta gimnasia, igeriketa, irristaketa, askotariko kirolak, saskibaloia, tenisa, txirrindularitza, arraunketa, bela, kayak, paddle surf eta surf. Horietan izena emateko ez da derrigorrezkoa izango Getxo Kirolak-eko harpidetza txartelagaz kontatzea, baina haren jabe direnek % 7ko deskontu bat lortuko dute.

Nabarmentzekoa da, azkenik, uda honetarako kirol udal eskaintzak halaber Gimnasia itsasertzean doako programa barne hartzen duela 60 urtetik gorako pertsonentzat. Klase horiek egunero emango dira ordu betez, 10:00etatik 11:00etara, udalerriko hondartzetatik hurbil dauden parke ezberdinetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun