Greba-eskubidea urratzeagatik demanda aurkeztu du ELA sindikatuak Douglas multinazionalaren aurka

Ander Zarraga 2022ko api. 19a, 17:31

Douglas lurrin-denda bateko langielak protesta egiten Bilbon. © ELA

Lurrin enpresa multinazional alemaniarrak Bizkaian dituen 19 dendetatik 11 itxi gura ditu, eta horren aurkako greba deitu zuen ELA sindikatuak martxoaren 14an, baina enpresak langileen greba-eskubidea urratu zuela salatu dute. Hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar enpresak Areetako Kale Nagusian duen dendan.

ELA sindikatuko bozeramaileek azaldu dutenez, enpresak martxoaren 14tik Bizkaian deituta dagoen langileen greba-eskubidea urratu du, barruko eta kanpoko ordezkapenen bidez. Sindikatuak greba deitu zuen kaleratzeak ekidin eta lan-baldintzen okertzea salatzeko.

"Douglasen helburua oinarrizko eskubide hori mugatzea eta erasotzea izan da, baita greban dauden pertsonen askatasun sindikalaren kontra egitea ere", adierazi dute. Horren ondorioz, sindikatuak enpresa multinazionalaren aurkako demanda jarri du ELAk, "kalte moral eta ekonomikoengatik". Enpresak 19 denda ditu Bizkaian eta 132 langile baliatzen ditu, gehienak emakumeak.

Horretaz gaiz, aste honetan, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldiko azken astean, beste bilera bat egin dutela ere gaineratu du sindikatuak; bertan, ELAk enplegua eta lan baldintzak mantentzea defendatu du berriro, eta gainerako sindikatuei exijitu die ez daitezela akordiora heldu kaleratze kolektiboaren prozeduran, "ez dezatela adostu kaleratze traumatikorik, ezta lan baldintzen murrizketarik ere".

Hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, apirilaren 20an, Areetako Kale Nagusian dagoen Douglas dendan, 10:00etatik 13:30era.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun