Data aldaketaz gain, berrikuntza gisa beste hiru erakusketa areto gehituko dizkiote aurtengo festibalari: Begoñako galeriak, Algortako kasinoa eta Portu Zaharreko Daduen etxeko fatxada. Horretaz gain, ohitura denez, nazioarteko hainbat herrialdetatik etorriko diren 22 artisten lanak erakutsiko dituzte.
Gainera, Getxophotok Interneten duen presentzia digitala indartzen jarraituko duela ere adierazi dute gaur, apirilaren 26an, egin duten aurkezpenean. Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak azpimarratu duenez, "ohiko argazkigintzaz gain, aurten, algoritmoek, giltzek, sare neuronalek eta inteligentzia artifizialak ere lekua izango dute programazioan". Hala ere, gertutasunaren eta herritarrakaz hartu-emanaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela ere argi utzi du, eta jaialdiaren ezaugarri kaletarra eta gune publikoen erabileraren defentsa sutsua egingo dute aurten ere. Horregatik, aurrekoetan bezala, hiriko hiru gune nagusitan egingo dituzte erakusketa nagusiak: Algortako erdigunean, Ereaga hondartzako pasealekuan eta Romo Kultur Etxean.
Jon Uriarte argazkilari hondarribiarrak egingo ditu aurtengo komisario-lanak eta, "Imajinatu" lelopean, irudimenak bizitzari zentzua emateko duen rola eta horretarako irudiek eskaintzen duten aukerak aztertzeko proposamena egingo dute. Uriartek Euskal Herriko eta nazioarteko 22 artista aukeratu ditu zeregin horretarako; Aspuruk azaldu duenez, jaialdiak hazteko eta artista gehiago ekartzeko aukera izan arren, egungo neurria mantenduko dute, gertutasuna eta jasangarritasun bisuala mantentzeko: "Getxophoton ez dira 200 argazki baino gehiago egoten, ez dugu poluzio bisuala areagotu nahi".
Artistak eta erakusketak
Jatorri eta diziplina askotariko artistek parte-hartuko dute aurtengo jaialdian. Besteak beste, Bego Antón bilbotarraren Haiek danak sorginak proposamena eta Marisol Mendez boliviarraren Madre lana azpimarratu dituzte gaurko aurkezpenean. Gainera, Suitzako Jojakim Cortis eta Adrian Sonderegger artistek osatutako bikoteak Icons proiektua aurkeztuko du, argazki ikonikoen benetakotasuna zalantzan jarriko duena, eta Clare Strand All that Hoopla instalazio dibertigarria ere izango da, beste askoren artean.
Horietaz gain, Getxophotok askotariko jarduerak antolatuko ditu festibalak iraungo dituen 24 egunetan: elkarrizketak artistakaz, bisita gidatuak egunez zein gauez, LOB edo Lagunik Onenak Betiko argazki- eta irudi-eskolen ikasleen topaketak... Getxoko ostalarien eta dendarien parte hartzea ere berreskuratuko dute aurten, edalontzien azpikoen ibilbide bildumagarriagaz eta parte-hartze popularreko deialdiagaz.
Data aldaketa
Orain arte, 15 urtez irailean egin ondoren, aurtengo Getxophoto ekainera aldatzea erabaki dute, "hilabete oso egokia delako", azaldu du Aspuruk. Zehaztu duenez, ekainean kultur eskaintza ez da hain handia izaten eta egunak luzeagoak dira; hala ere, aldaketa horretarako arrazoi nagusia kontziliazioa izan dela arrazoitu du Begihandi kolektibokoak. Horrenbestez, aurtengo Getxophoto ekainaren 2tik 26ra bitartean egingo dute; daborduko aurtengo edizioko programaren zatirik handiena prest dute festibalaren webgunean.