Azokan azken literatura nobedadeak erosi ahal izango dira, eta % 10eko deskontuagaz. Gainera, ohikoa denez, liburutegiek beren etxolan maileguak egingo dituzte, jendearen eskura udal-funtsak jarriz; horrela, mailegu-zerbitzuari esker, liburuak etxera eraman ahal izango dira. Gainera, haur eta gazteek bertan irakurtzeko komiki eta ipuin sorta zabala aurkituko dute.
Jarduerei dagokienez, tailerrak, eskulanak eta haurrentzako jolasak izango dira azokan. Egitaraua eguenean, hilak 28, abiatuko da, herriko zenbait ikastetxetako ikasleen bisitagaz. Ohi bezala, Jendaurreko Haur Irakurketa Publikoaren 22. edizioaren protagonista izango dira 11:00etatik aurrera. Horretaz gain, egunean zehar txapa ekologikoen eta kamishibai (japoniar ipuin kontalari ilustratuak) tailerrak izango dira, 11:00 eta 17:00etan, hurrenez hurren. Biharamunean, barikuan, arratsaldeko egitaraua Historia-zopa haurrentzako tailerra (17:00) eta orri-markatzaileak egiteko eskulan saioa (18:00) izango dira. 19:00etan, Zumbako musika tailerra izango da familia osoarentzat.
Hilaren 30ean, zapatuan, Ramiro Pinillaren Getxoko ibilbide literarioagaz hasiko da eguneko proposamena, Gustavo Iduriagaren eskutik, 10:30ean. Interesa duten pertsonek www.getxo.eus/pinilla web estekaren bidez eman dezakete izena. 11:00etan, 2 eta 10 urte bitarteko haurrek hitzordua izango dute Gina Ginger & Charlie Chives ingelesezko ipuin-kontaketagaz, Kids&Us Getxo-Algortaren eskutik. Goiza kamishibai tailer bategaz bukatuko da; 12:30ean hasiko da. Arratsaldean, haurrentzako ere, kaligrama (17:00) eta pertsonaien sorkuntzako (18:00) tailerrak izango dira. Familia magia saio batek itxiko du jardunaldia Ibon Magoa-ren eskutik (19:00)
Domekan, azokaren azken egunean, Ramiro Pinlllari buruzko literatura ibilbidearen bigarren saioa izango da, 10:30etik aurrera, eta 11:00etan, haurrentzako Historia-zopa literatura tailerra hasiko da. Ordu berean hasiko da azokan parte hartuko duten idazleen topaketa, esaterako, honako hauek egongo dira: Luisa Etxenike, Silvia Elorriaga, María Luisa García-Franco, Borja Ortiz de Gondra, Alberto Cueto eta Eugenio Ibarzabal. Aurtengo azokaren edizioa orri-markatzaileak egiteko tailerragaz (12:30) eta Joana kontalaria euskal ipuin kontalariagaz (13:45) amaituko da.