Doinua: Esperantzarik gabeko zenbait
Gure artean inurritxoek
ez daukate fama ona:
erotu gisa aritzen dira
beti hara eta hona;
atseden barik, egun osoan,
sentituz ezinegona;
janari bila etengabean
bata bestearen klona...
Egunez egun, beti lan bera,
bai asperdura sakona!
Baina munduan edozein gauzak
izan badu ifrentzua:
eta inurri-herri hori ez
dugu, jakina, txatxua.
Denon onura bilatzekotan
egin ohi dute esfortzua;
denok batera jarduten dira
gaztea zein adintsua...
helburu hauxe baitute argi:
jendarte orekatsua.
Guk haiengandik ez al genuke
zerbait ikasi beharko?
Behin ikusita elkar lagunduz
ez doakiela txarto...
Elkartasuna susta dezagun
gaur, utzi barik biharko;
denok batera ibil gaitezen
xalo eran, ez zatarto;
munduko etxean izan dezagun
zenbat jende hainbat kuarto.