Joan den uztailean, Eraisketari Ez - Romo plataformak 4.000 sinadura baino gehiago batu zituen Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen inguruko herri-galdeketa bat egin zezan eskatzeko Udalari; auzoko 17 kolektibok eta elkartek ere ideia hori babestu zuten. Hala ere, gobernu-taldeak eskaera hori onartu ez duela deitoratu du plataformak eta, hori dela eta, bere kabuz, auzokideei euren iritziak eskatzeko galdeketa egingo du gaur taldeak.
Goizeko 11:00etatik aurrera, bozketarako gune finko bat jarriko dute Santa Eugenia plazan, 19:00ak arte. Gobela kiroldegian ere beste bat jarriko dute, 11:00etatik 13:00etara; Orixe plazan, 13:00etatik 15:00etara; eta Xake plazan, 17:00etatik 19:00etara. Horrez gainera, gune mugikorrak ere egongo dira jardunaldi osoan zehar.
Belaunaldien arteko zentro bat egiteko
Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kalean dauden Nagusien etxe eta euskaltegi zaharrak batzen dituen eraikinak bota gura ditu Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, belaunaldien arteko zentro bat egiteko. Horren aurrean, Romo plataformak deitoratu du "auzoko memoria historikoa suntsitu" egingo dutela, eta azpiegitura hori "Bizkaiko beste edozein lekutan" egiteko proposatu du, "Romo auzoari ezinbesteko zerbitzua ematen dion ekipamendua hondatu beharrik gabe".
Kontuak horrela, beste behin ere, Lope de Vega kaleko eraikinak eraisteko asmoa bertan behera utz dezatela eskatu dio Getxoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari: "Auzoarentzako benetako proiektuak nahi ditugu, haien beharrei erantzungo dietenak, gure eraikinak eta ingurua errespetatuz".