Maiatzak 15, Getxon

Agertokietara itzuli da Martin Zalakain

Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 11a, 10:43

Pandemiak behartutako urte biko etenaldiaren ondoren, Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna taularatzen hasi dira berriro ere Euskal Herriko hainbat txokotan; tartean, Getxora etorriko dira, domekan, hilaren 15ean. Horretaz gozatzeko sarrera bikoitzak ditu HIRUKAk zozkatzeko; gaur da horretarako azken eguna, galduko duzu aukera?

2017an, San Martin Egunean estreinatu zuten Martin Zalakain ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian, eta, ordutik, 20 aldiz taularatu dute Euskal Herriko 17 herritan; hala, ordura arte, 12.000 ikusle baino gehiagok gozatu ahal izan dute ikuskizun horretaz.

2020an, aldiz, pandemiak eraginda, urte biz bira gelditu behar izan dute, iazko abenduaren 12an Beasaingo Antzizar kiroldegiko harmailak erabat bete zituztela ibilbide berriari hasiera eman zioten arte. Hurrengo saioa maiatzaren 15ean izango dute, domekan, Getxoko Muxikebarri Antzokian –gogoratu, HIRUKAk hainbat sarrera bikoitz ditu zozkatzeko HIRUKAlagunen artean; eman izena hemen–.

100 partaide dantza dramatizatuaren inguruan

Argia dantzari taldearen eta Artedrama arte eszenikoen plataformaren zuzendaritzapean sortu zen ikuskizuna, eta Pio Barojak 1908 urtean idatzitako Zalacain el aventurero eleberriaren protagonista den Martin Zalakain mitikoaren abenturak kontatzen ditu dantzaren, antzerkiaren eta musikaren bidez, emanaldi bakoitzean gure herriko leku ezberdinetatik etorritako 100 pertsonatik gora bilduta; tartea, Uribe Kostako hainbat artistak parte hartzen du horretan.

Antolatzaileek azpimarratu dutenaren arabera, handik eta hemendik bildutako jende horren arteko lankidetzak guztiz berezia bilakatzen du ikuskizunaren prestaketa eta emanaldia bera, "ikasketarako une izatearekin batera gozamenerako eta festarako leku bihurtzen baita era berean".

Pandemiaren osteko Martin Zalakainen ibilbideak dakartzan berritasunen artean aipagarria da kontakizunaren gidari egiten duen On Pio (Baroja) nobelagilearen papera, Josu Camarak gorpuzten duela orain, lehen txanpan bai aktore lanetan, bai eszenaratzea zuzentzen aritu zen Ander Lipusen tokia hartuz. Dantzari eta musikarien artean ere gertatu dira erreleboak, jende gazte berria sartu baita proiektuan.

Uribe Kostako artistak

Besteak beste, Erlaitz Arozena, Aitor Gartzia, Keltze Iturrate eta Gorka Mostajo dantzari getxoztarrek parte hartzen dute ikuskizunean; Jon Ander Berazak ere parte hartu ohi du, baina Getxoko emanaldian ez da egongo.

Bestalde, musikarien artean paper garrantzitsua betetzen du Ander Blasco sopelatarrak, Marian Arregi soinujole handia eta Urbeltzen emaztea ordezkatu zuena lehen emanaldietan. Gainera, Aitor Uribarri panderojoleak ere parte hartzen du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun