Getxoko auzokide diren Julen Nafarrate kazetariak eta Ines Bermejo artistak "Gu ere bagara" proiektua abiatu dute, udalerriko LGTBI+ pertsona nagusien "kontatu gabeko istorioak" jasotzeko asmoz. Azaldu dutenez, "LGTBI+ amama eta aititei ikusgarritasuna eman nahi diegu, ezagutu nahi dugulako nola bizi duten euren sexualitatea, orientazioa, nortasuna eta abar". Hori guztia arte-erakusketa baten bidez kontatuko dute; izan ere, proiektuak Getxoko Udalaren sormen bekaren laguntza du.
Ekimenak hainbat fase izango ditu. Maiatz-ekainean, udalerriko 65 urtetik gorako pertsona horiek topatzea izango dute erronka nagusia, euren errealitate eta bizipenak konta ditzaten: "LGTBI+ pertsona nagusien inguruan ez da berbarik egiten. Askotan, LGTBI+ komunitateaz berba egiten denean, estereotipo jakin batzuekin lotzen da: gaztetasuna, estetika zehatz bat... Inoiz ez da berbarik egiten LGTBI+ amama eta aititen inguruan, ikusezinak dira guztiz. Gure ekarpen txikia egin nahi dugu norabide honetan, artearen eremutik".
Deitoratu dutenez, errealitate horrek, askotan, pertsona nagusiak euren sexualitatea normaltasunez ez bizitzera behartzen ditu: "Ez dago batere normalizatuta pertsona nagusien sexualitateaz hitz egitea, eta are gutxiago lesbiana, trans, bisexual, gay edo pertsona queer-en kasuan. Euren istorioak ezagutu nahi ditugu, euren bizipenak, zailtasunak... eta ezagutzera eman".
Nafarrate eta Bermejo Algortako Portu Zaharrean bizi dira gaur egun, eta azpimarratu duten bezala, Getxoko LGTBI+ pertsonen historia oraindino ez da oso ezaguna udalerrian: "Non elkartzen ziren Getxoko LGTBI+ kideak? Zer nolako kodeak eta berbak zituzten? Nolabaiteko talderik egon zen inoiz? Kontatu gabeko istorio horiek guztiak jaso nahi ditugu".
Parte hartzeko eskaera
Hori dela eta, maiatzean eta ekainean, LGTBI+ pertsona nagusien lekukotasunak jasoko dituzte. Halaber, proiektuan parte hartu gure dutenek mezu bat bidal dezakete guerebagara@gmail.com helbide elektronikora edota 687 245 352 telefono zenbakira deitu: "Eskertuko genuke proiektuaren zabalpenean laguntzea, erronka handia izango baita istorio hauek lortzea". Era berean, jasotako istorioen aniztasuna islatzen ere saiatuko dira: "Auzo ezberdinetakoak, sexu-errepresioa pairatu dutenak, askatasun handiagoarekin bizi izan direnak, atzerrian jaio direnak, klase sozial ezberdinekoak...".
Behin bizipen horiek jaso ondoren, uda eta gero Gu ere bagara erakusketa antolatuko dute Bermejok eta Nafarratek. Bertan agertuko dira pertsonen lekukotasunak eta baita gaur egungo argazkiak, irudi zaharrak eta abarrak ere: "Erakusketa honen protagonismoa collage-aren teknika izango da, Ines Bermejoren lanean oinarrituta". Udagoienerako erakusketa prest eta ikusgai egotea aurreikusi dute biek.