Egizu elkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzagaz, Berbodromoak dituzte maiatzaren 19an, eguenean. Aurten ere, betiko xedea mantenduko da, hau da, euskaldunak elkartzea eta giro lasaian proposatutako gai zehatz batzuei buruz aritzea, euskara ikasten ari denari euskaraz hitz egitera animatzen, eta euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukerak ematen.
Aurrez aurreko saioak Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan, goizez, eta Algortako San Nikolas plazan, arrastiz, egingo dituzte. Lau pertsonako taldeetan, berriketa lasaian aritzeko aukera egongo da bi saioetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "taldeetan euskara ikasten ari den jendea euskara dakien jendearekin elkartuko dugu eta interes orokorreko hiru gairi buruz berba egingo dugu".
Ordubetez berriketan, gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta, gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugituko dira, mintzakidez ere aldatuz. Goizean bi txanda egingo dira: 09:00etan eta 11:00etan; eta arrastian txanda bat 18:00etan. Parte hartzeko izena eman behar da. Arrastian, gainera, 19:30etik aurrera, San Nikolas plazatik hasita, Itxarkantu taldeak eta Itxas Argia Kantari Kanta taldeak gidatuta herriaz kantatzeko eta gozatzeko aukera izango dute.
Mintzagaiak
1- Getxon bizi. Zer gustatzen zaizu zeure auzoan? Zer kendu edo aldatu beharko genuke? Komunitateko elkarbizitzan nola aldatzen ari dira harremanak? Hurbileko denda, kiroldegi, liburutegi eta espazio komunak zelan baloratu eta zaintzen ditugu?
2- Herriko jaiak. Kaleak berreskuratzen ari gara. Parte hartzen duzu bertan? Antolakuntzan ibili zara inoiz? Zelan antolatu beharko lirateke? Ezagutzen dituzu jai-eredu ezberdinak? Zeintzuk gustatzen zaizkizu eta zeintzuk ez?
3- Ikus-entzunezkoen kontsumoa asko aldatu da urteetan zehar, telebista emanaldietatik online plataformetara, onlineko serieak, you-tube kanalak, twitch bezalako plataformak. Zer ikusten duzu? Euskarazko kontsumoa igotzeko zer egin beharko lukete/genuke?