Maiatzaren 21ean

Euskara Aurrera ekimenaren manifestaziora joateko autobusa antolatu du Bizarra Lepoan elkarteak

Ander Zarraga 2022ko mai. 18a, 11:23
Euskalgintzako hainbat eragilek babestu dute Euskara Aurreraren deialdia. © ARGIA

Euskararen gaur egungo egoeragaz arduratuta dauden euskalgintzako eta bestelako hainbat eragilek manifestazioa deitu dute Donostian, maiatzaren 21erako, 17:30ean. Ekimenaren aurkezpenean "euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak" parte hartzera deitu zituzten.

Maiatzaren 21ean, Donostiako Antiguoko tuneletik abiatuko den Euskara Aurrera mugimenduaren manifestazioari bere babesa eman diote euskalgintzako hainbat eragilek; besteak beste, Paul Bilbaok (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarrizek (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbek eta Koldo Zaratek (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirrek (Jakin), Jon Abrilek (Elhuyar), Alex Aginagaldek (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrezek (Bai euskarari), Laida Begiristainek (Maizpide euskaldegia), Koldo Tellituk (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarrenek (AEK) eta Joan Mari Larrarteek (Elkar) sustatu dute mobilizazioa.

Getxoko Bizarra Lepoan elkarteak ere bat egin du ekimenagaz, eta autobusa antolatuko du egun horretan eskualdetik Donostiara joan gura duten herritar guztientzako. Telletxetik aterako dira 16:00etan, baina horretan joateko, 692 476 373 telefono-zenbakira deitu behar da izena emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun