Programazio artistikoko deialdia

Udalerriko elkarte eta enpresek sustatutako 22 ikuskizun taularatuko dituzte abendura bitartean

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 10:12
© GETXOKO UDALA

Tokiko elkarte eta enpresek proposatutako 22 proiektu aukeratu ditu Getxoko Kultur Etxeak aurtengo urterako; horiek, udal-zentroetako programazioan txertatuko dituzte. Proposamen horiek guztiek joan den urtearen amaieran abiarazitako Programazio Artistikoaren bigarren deialdian parte hartu zuten, getxoztarrek bultzatutako proiektu artistikoen erakusketa sustatzeko eta bultzatzeko asmoz.

Guztira, 38 proiektu aurkeztu ziren deialdira eta, Getxoko Kultur Etxeko teknikariek eginiko hautaketa-prozesuaren ondoren, aipatutako 22ak aukeratu dituzte honako irizpide hauekaz: kalitatea, originaltasuna, udalerriarekiko lotura eta bideragarritasun teknikoa. Hautatutako proposamenek zenbait diziplina hartuko dituzte: antzerkia, dantza, musika, ikus-entzunezkoak, zinea, zirkua eta diziplina-anitzeko ikuskizunak.

Amaia Agirre Getxoko alkateak nabarmendu duenez, "Getxoztarrek sustatutako edo egindako proiektuen erakusketa sustatu eta bultzatu nahi izan dugu deialdi honekin, tokiko sorkuntzaren talentua erakutsi ahal izateko". Proposamen guztiak Muxikebarri Antzokiko aretoetan edota Romoko Kultur Etxeko areto nagusian programatu ahal izateko diseinatu dira, eta bertan egingo dira urtean zehar.

Guztira, Kultura Etxeak 120.000 euro emango ditu, gehienez, hautatutako proiektuak erakusteko. Ekimen horrek bat egiten du 2020tik aurrera martxan jarri diren deialdiakaz, besteak beste, sorkuntza, prestakuntza eta profesionalizazioa bultzatzeko deialdiak eta baita erakusketa, ikus-entzunezko eta musika-proiektuak sustatzeko egonaldiak ere. Ekintza horien bitartez, Udalak Getxoko kultura-sarea indartzearen aldeko apustua egin duela nabarmendu du.

Hautatutako proposamenetako batek Getxo Zirko du izena. Maite Lopezek, proiektu horren atzean dagoen Portal 71 enpresako kideak azaldu duen bezala, jardunaldi hauek 'zirkuko sorkuntza garaikidea du ardatz eta modalitate eszeniko horretako ikuskizunekin kalitatezko eskaintza egitea du helburu'. Besteak beste honako lan hauek izango dira ikusgai: Maña, Espainiako Estatuko 2021eko Zirku Sari Nazionala eskuratu zuen Manolo Alcantararen pieza; Suspension eta Sin Ojana, 2020ko Panorama Circada sariaren irabazlea.

Film laburrak izango dira hautatutako beste proiektu baten protagonistak. "Lo mejor de…" izenpean hiru emanaldiz osatutako zinema-programa izango da. Itxaso Frauk, horren bultzatzaile den Klip elkartearen kideak, adierazi du ekimen horren bitartez Humor en Corto, Caóstica eta Euskal Zine Bilera jaialdietan hautatutako film labur onenak eskaini gura dituztela. Jarduera horren helburua hiritarrek kalitatezko aukeraketa eskura izatea eta film laburren mundua ezagutu ahal izatea. Hori lortzeko, jaialdi horietako programatzaileen eta sektoreko profesionalen eskutik, proiekzioak amaitzean solasaldiak izango dira. Saioak ekainaren 1, 8 eta 15ean izango dira, Muxikebarrin.

Bestalde, Estibaliz Igea abeslariak hautatutako beste proiektu bat aurkeztu du: "Samurtasuna", hain zuzen ere, ekainaren 4an egingo den kantu eta piano errezitaldia. Bere hitzetan, kontzertu horregaz, "Krisi sanitarioan zehar pertsona nagusi askoren isolamendu sentsazioa arintzeko tresna gisa musikak duen balioa goraipatu nahi dugu". Rafa Acebesek pianoz lagunduta, Igeak berak abestuko ditu euskal kantu ezagunak, esaterako Haurtxo seaskan edo Lili eder, Atlantikoko beste aldetik datozen klasikoakaz batera, hala nola Agustin Lararen Solamente una vez edo Yradierren La Paloma.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun