Birziklatzearen Munduko Eguna

Disney pertsonaiak margotuta dituzten beirazko edukiontziak jarri dituzte Getxon

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 13:47
Joseba Arregi eta Carlos del Corte, gaurko aurkezpenean. © GETXOKO UDALA

Ecovidriok eta Getxoko Udalak bat egingo dute gaur Birziklatzearen Munduko Egunagaz, Disneyland Parisegaz elkarlanean bere 30. urteurrenean. Hala, Disney pertsonaiakaz apaindutako beirazko lau edukiontzi jarriko dituzte udalerrian. Horietan, BIDI kodeen bidez, familiek Disneylanderako bidai baterako zozketan parte hartu ahal izango dute.

Urteurren hori aprobetxatuz, espainiar Estatuko beste 30 hiritan bezala, hainbat iglu koloreztatu dituzte Disneyko pertsonaia ezagunakaz (Mickey, Daisy, Donald ahatea eta Campanilla), eta hurrengo tokietan kokatuko dituzte: Bidezabal kalean, anbulatorioaren aurrean; Telletxe kalean, Algortako Etorbidearen ertzean; Kale Nagusian, Andrés Larrazabal kaleko izkinan (Areeta), eta Ibaiondo kalean, Aurrezki Kutxa kaleko izkinan.

Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak azaldu duenez, “ekimenaren helburua gure herritarrei beiraren birziklapenean duten inplikazioa aitortzea da. Txikienek beren aita-amen lanari erreparatzea eta jarraitzea garrantzitsua da, baita beren etorkizunerako ona eta beharrezkoa den zerbait bezala barneratzea ere. 2015etik 2021era, Getxok 500 tonako igoera izan du beiraren birziklatzean, 1540 tonatik 2060ra igaro baita. Une honetan, biztanle bakoitzeko 27 kilo beira biltzen dira urtean, eta, beraz, beira eredu bat da gainerako frakzioetarako, lortu nahi duguna. Kanpaina honetarako udalerri erreferentetzat aukeratu gaituen Ecovidriori eskerrak ematen dizkiogu, eta hori zerbaitegatik izango da”.

Carlos del Corte Ecovidrioko gerentzia-teknikariak nabarmendu duenez, “Birziklatzearen Munduko Egunean txikienei hurbildu nahi izan diegu birziklapena, eta familiak edukiontzietara birziklatzera hurbiltzera animatzeko, lehiaketa bat antolatu dugu Disneylanderako bidaia batekin eta 200 minigluseko zozketarekin ere”. Izan ere, Ecovidrioren edukiontzietan inprimatutako BIDI kodeen bidez, irabaz daiteke familia osoarentzako bidaia, ekainaren 17a baino lehen galdetegi labur bat erantzun ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun