Independentzia Eguna

Sortu: "Independentzia sustatzeak esan nahi du eraldaketa soziala sustatzea"

Erredakzioa 2022ko mai. 20a, 09:37

Sortu Algortako kideak.

Bihar, zapatuan, udalerriko Sortu taldeak Independentziarako Indarra izeneko eguna antolatu du Algortan. Azaldu dutenez, ezker abertzaleko mugimendua osatzen duten kideen arteko topaketa izango da hitzordua, baita independentziaren aldeko aldarria ozen gizarteratzekoa ere, besteak beste.

Zer da Independentziarako Indarra?

Independentziarako Indarra Sortu Algorta-Getxok abian jarritako ekimena da. Sortuk hainbat herritan antolatu ditu antzeko ekimen eta Independentzia Egunak. Euskal Herrian independentismoa bizi-bizirik dagoen mugimendua da, eta, egun horretan, ikusgarritasuna eman nahi diogu. Egun erdiko egitaraua antolatu dugu, ekitaldia eta bazkariaz osatua.

Sorturen komunitateko kideentzat ala herritar guztiontzat izango da?

Pandemiagatik, hein handi batean, ezker abertzalearen bueltan ari garen militanteok ez dugu aspalditxoan aukera handirik izan giro alai eta informalean elkarrekin egoteko eta gure gorabeherak gertutasunez partekatzeko. Egun hau, beraz, ezker abertzaleko kideontzat topagune izan dadin nahi dugu, baina ez hori bakarrik: hau guztia ez dugu antolatu soilik Sorturen komunitateari begira, jakin badakigulako ezker abertzaletik kanpo ere independentzia eta eraldaketa sozialaren aldarriekin bat egiten duten herritarrak badaudela, eta horiei ere bertaratzeko gonbita egin nahi diegu. Argi dugu independentziarako jauzia eman ahal izateko beste batzuekin elkarlanean aritu beharko dugula.

Gurean baino ez da egingo horrelakorik ala herri gehiagotan antolatu dute?

Algortan ez ezik, beste herri batzuetan ere antolatu dute, baina herri bakoitzak bere modura dihardu, bere egoera eta berezitasunei begira. Guk maiatzaren 21ean jarri dugu hitzordua. Ekitaldi politikoa Tellagorri plazan izango da, 13:00etan, eta ondorengo bazkaria, aldiz, Abian Kultur Elkartean. Bazkarirako tiketak Abianen eta Hator tabernan daude eskuragarri, 10 euroren truke.

Zergatik orain?

Sorturen kongresua amaitu ondoren, "Independentziarako indarra" izeneko kanpaina abiatu dugu, hartutako erabakien berri ezker abertzaleko militanteei eta gainerako herritarrei emateko. Helburu horrekin, hainbat saio egin ditugu herrian azken hilabeteotan: hitzaldiak, solasaldiak, mahai-inguruak... eta hori guztia borobiltzeko asmoz antolatu dugu maiatzaren 21eko ekitaldi eta bazkaria. Independentziaren alde jarraitu behar dugu lanean, gaurko errealitatera egokituta. Herri-susperraldi berri bat sustatu nahian gabiltza, maila guztietan: kultur alorrean, ekonomian, hezkuntzan, euskalgintzan... Horrekin batera, gure buruak feminizatzeko ahalegina egiten ari gara.

Independentzia da aldarrikapen nagusia, beraz...

Independentzia sustatzeak esan nahi du eraldaketa soziala sustatzea. Independentziarik gabe nekez eraldatuko dugulako herri hau, gaur gaurkoz, ikuspegi askatzaile batetik Espainia edota Frantzia eraldatzea ezinezko ikusten dugulako. Baditugu eskumen batzuk, bai, baina egunerako bizitzan eragin zuzena duten funtsezko erabaki asko hemendik ehunka kilometrotara hartzen dira, gure beharrak kontuan hartu gabe.

Energia-politikaz guk ez dugu erabakirik hartzen, baina euskal herritarrok erabaki beharko dugu zer-nolako eredu energetikoa behar dugun eta zein izan behar den hori gauzatzeko nazio-plana. Erregaien eta argindarraren prezioari buruz ere beste horrenbeste: hemendik ehunka kilometrora arautzen dute sektorea, eta enpresa handiek eskandaluzko etekinak izan dituztenean merkatu-logika nagusitu da, baina zailtasun handiagoak izan dituztenean Gobernuaren esku-hartzea inposatu dute –BEZ zerga jaitsaraziz, esate baterako–. Dozenaka adibide gehiago jar daitezke. Administrazio jakin batean egon behar den funtzionario kopurua ere Estatuak ezartzen du. Seguruenik, euskararen alorra da begi-bistakoena: hemengo administrazioek eskuak lotuta dituzte uneoro, epaitegiek euskara indartzeko erabakiak uneoro botatzen baitituzte atzera.

Baina erabaki-guneak gero eta urrunago daude, Europar Batasunean edota beste instantzia globalago batzuetan. Hortaz, zer zentzu dauka egun independentziarekin tematzeak?

Estatuek osatzen dute Europar Batasuna edota Nazio Batuen Erakundea. Eurek dute burujabetza eskumen gehienetan. Egia da globalizazioak botere-harremanak aldatu dituela, baina estatuek eragile garrantzitsu izaten jarraitzen dute nazioartean. Eta estatuek herritarroi eguneroko bizitzan eragiten dizkiguten erabakiak hartzen dituzte, pandemian ikusi dugun moduan.

Gaur gaurkoz ez al da utopikoa independentzia aldarrikatzea?

Gero eta mundu distopikoagoan bizi gara, eta hobetzeko gure ekarpena egin beharko dugu! Mehatxuz inguratuta gaude, hala nola gerrak, pandemia, lehengaien krisialdia, pobre eta aberatsen arteko arrakala, eredu patriarkal betikotua, klima larrialdia eta inflazioa. Sinistuta gaude hori guztia alda daitekeela, oinak lurrean beti ere, independentziatik mundu hobe bat egiteko gure aletxoa jarri ahal izango dugula. Eta gure moduan hainbat mugimendu askatzaile daude munduan.

Katalunian erreferenduma antolatu zuten, eta begira nola dagoen independentismoa egun: lur jota...

Aldebakarreko estrategiaren mugak agerian geratu ziren Kataluniako prozesuan. Espainia ez zegoen prest Kataluniako gehiengo zabalak modu demokratikoan erabakitako sezesioa onartzeko. Aldebikotasunak ere mugak dituela garbi dago, Espainiak edo Frantziak ez baitigute prozesu adosturik onartuko. Beraz, prozesu gradual eta dinamiko bat marrazteko beharrean gaude: independentziaren aldeko indarrak biderkatzen segi beharko dugu, gehiengo zabalak osatu arte, eta estatuei behin eta berriz luzatuko diegu afera modu demokratikoan konpontzeko eskaintza. Era berean, estaturik gabeko beste nazioekin modu sinkronizatuan aritu beharko dugu. Egoera ezegonkor eta aldakor honetan edozein aukera-leiho baliatu behar dugu gure helburua gauzatzeko.

Orain arte egindako inkesten arabera, zer-zelako atxikimendua du gaur egun independentismoak?

Proiektu independentista inoiz baino sendoago dago Euskal Herrian; instituzionalki independentismoak inoiz izan duen indar handiena du Euskal Herriko eremu administratibo guztietan. TmeLab-ek Euskal Herri osoan eginiko inkestek berresten dute euskal estatuarekiko dagoen aldekotasuna. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko emaitzak ere pentsaezinak zitzaizkigun orain dela urte gutxi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun