"Basatiak" ikuskizuna

Egokitu eta gaurkotutako Euripidesen obra klasikoa estreinatuko du Dantzertiko ikasleen laugarren promozioak Muxikebarrin

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 24a, 08:43

Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolako laugarren mailako ikasleek Euripides grekoaren Las Bacantes lan klasikoa gaurkotu eta XXI. mendera egokitutako bertsioa estreinatuko dute barikuan, maiatzak 27, Muxikebarri Antzokian, 19:30ean. Basatiak izeneko lan hori María Goiricelayak zuzendu du eta Javier Liñeraren dramaturgia du, ikasleen lanetan oinarrituta.

Ikuskizuna Dantzerti eta Getxoko Kultur Etxearen arteko akordioari esker egin da, eta mugimendu feminista eta hiri-kultura garaikidea ditu inspirazio-iturri. Antzezlana patriarkatuaren aurkako iraultzaren hasiera bihurtzen den festa batean girotuta dago, eta Arte Dramatikoko Interpretazioa espezialitateko azken ikasturteko sei ikasle ditu protagonista.

Aurten, Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Mailako Eskolak ahalegin handia egin du eszenaratzea diseinatzeko kanpoko profesionalak izateko. Hala, eszenografia Ikerne Gimenezen lana da, eszenaratze nabarmenen diseinatzailea Espainiako Estatu barruan zein kanpoan; jantziak Betitxe Saitua sopeloztarraren lana dira, argiztapen-diseinua David Alkortak egiten du, soinu-espazioa Ibon Aguirrerena da, ikus-entzunezkoak Estudio Gheadak egiten ditu eta musika Ibon Belandiak konposatu du. Karakterizazio-diseinua Ana Vegak eta Iratxe Artazak sinatu dute, eta Ane Pikaza artistak egin du diseinu grafikoa.

Antzerki-muntaia lau hilabeteko lanaren emaitza da, Lucia Lasarte irakaslearen tutoretzapean, eta Matxalen de Pedro, Loida Gómez, Martin Barandiaran, Ainhoa Areitio, Gorka Martín, Juanjo Herrero, Noemi Santisteban eta Penelope Pardos irakasleen lana du. Aktore-taldea Maialen de Pablos, Libe Estebaranz, Alejandro Gibaja, Amaia Iriondo, Nahia Sillero eta Sofia Zalliok osatzen dute.

Eszenako dantza

Aurten, gainera, Arte Dramatikoko tailerraren estreinaldiagaz batera, Dantza Graduko ikasleek maiatzaren 25ean, eguaztenean, dantza...eszenara ikuskizuna eskainiko dute Muxikebarriko Ereaga aretoan, 18:00etatik aurrera. Honako pieza hauek osatzen dute proiektu hori: Swan Lake (Mathew Bourne), Purcel Pieces (Nils Christe), Engranaje (sorkuntza propioa) eta Minus 16 (Ohad Naharin). Dantza Graduko 1., 2. eta 3. mailako ikasleek interpretatzen dute lana, Maddi Argote, Cecilia de Madrazo, José García eta Penélope Pardos irakasleek zuzenduta. Bi lanak ikusteko gonbidapenak Muxikebarrin eta Romoko Kultur Etxean jaso daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun