Ekimena Francesco Tonucci pedagogo italiarraren Haurren Hiria proiektuan oinarritzen da. Hiriak adingabeen ikuspegitik antolatzea helburu duen partaidetza-proiektua da, eta bere sortzaileak defendatzen duen bezala, hiria haurrentzako erosoa, segurua eta bizitzeko modukoa izatearen alde lan egiteak gizarte osoari mesede egiten dio.
Eskola Bidea maiatzean jarri da abian, eta ikasturte honen amaieran eta hurrengo ikasturtean zehar garatuko da. Momentuz, ekimena hasierako fasean dago eta parte hartuko dutenakaz lehen kontaktuak izan dira. Alde batetik, batzorde teknikoa sortu da, Udaleko sail desberdinetako ordezkariek osatua: hezkuntza arloa, ingurumen arloa, azpiegituren, obren eta zerbitzuen arloa, komunikazio arloa eta udaltzaingoa. "Euren parte-hartzea ezinbestekoa izango da proiektuaren arrakasta bermatzeko", azaldu dute udal-iturriek.
Bestalde, udalerriko Lehen Hezkuntzako 13 ikastetxegaz lehen bilera egin dute, proiektua aurkezteko asmoz. Laster bilerak berriak egingo dituzte parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteakaz, familiak ere ekimen horregaz konprometitu daitezen.
“Getxo udalerri osasuntsuago eta seguruago bilakatuko duen ekimena da, eta ikastetxeen eskaera bati erantzuteaz gain, irakasleen, gurasoen eta ikasleen laguntzarekin emaitza ziurtatuta egongo da eskola-bide horien diagnostiko- eta diseinu-fase honetan”, azpimarratu du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumeneko Kalitateko zinegotziak.