Maiatzaren 30etik ekainaren 5era

Hamaika jarduera antolatu dituzte Getxon Aste Berderako

Erredakzioa 2022ko mai. 29a, 10:52

Europako Itun Berdea izango da 2022ko Aste Berdearen ardatza. Getxoko Udalak antolatu du aurten ere, eta hainbat jarduera eta dibulgazio-ekimen eskainiko ditu maiatzaren 30etik ekainaren 5era.

Aurtengo Aste Berdearen edizioaren berrikuntzen artean, "Haur bat, zuhaitz bat" ekintzaren helburua izango da, gura izanez gero, Udalak konpromisoa hartzea Getxon jaiotzen den edo adoptatzen duten haur bakoitzeko zuhaitz bat landatzea, landare-biki bat izan dezan.

"Zure landareak adoptatzen ditugu. Landareak zaintzen gaituzte; gure txanda da orain" izeneko jarduera ere aurrera eramango dute, eta, bertan, Ingurumeneko Unitateak, ahal den guztietan, etxeetatik kentzen diren landareak jaso eta birlandatuko ditu.

Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, plastiko birziklatuzko poltsen doako trukea egingo dute Areetako Xake plazako karparen ondoko eta Algortako Telletxe plazako edukiontzi horietan hondakinak uzten dituzten guztiakaz, hurrenez hurren. Bi kasuetan, ordutegia 12:00etatik 13:00etara izango da.

Era berean, Iñaki Aguinagak hondartzetan aurkitutako materialekin sortutako eskulturak jarriko dira, Algortako Kultur Gelan, Romo Kultur Etxean, Fadura eta Gobela kiroldegietan eta udaletxean.

Aste Berdeak hainbat irteera mota eskainiko ditu, hala nola ekainaren 3an bi itsasontziz, Abraren ingurumen-historia ezagutzeko, eta bizikletaz ibilbide bat familia osoarentzat; ekainaren 4an, ibilbide bat mendian zehar, Martiartu eta Boluetik pasatuz, eta gaueko ibilaldi bat bide eta bidezidorretatik; eta 5ean, martxa nordikoa kostaldean zehar, irteera bat inguruneko landareak ezagutzeko eta beste geologiko bat Azkorriko hondartzatik. Era berean, ekainaren 4an, 10:30etik aurrera, hondakinen bilketa egingo dute kayakean.

Gainerako jardueren artean, Hodei magoak Uraren sekretuak ikuskizuna aurkeztuko du;  hegaztiei eraztunak jarriko zaizkie, kosmetika naturalari, botikin naturalari eta hondakinik gabeko sukaldaritzari buruzko tailerrak, argazki-ginkana bat eta birziklatze-jokoak egingo dituzte.

Izen-ematea

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta batzuetan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da, telefonoz, 605 749 064, edo e-postaz, getxoasteberdea@gmail.com, hautatutako jarduera, izen-abizenak eta eskuko telefonoa zehaztuz. Euria egiten badu, jarduerak lekualdatuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun