Domeka honetan, maiatzak 29, Bizkerre futbol-taldeak denboraldi amaierako kimuen txapelketa egingo du. Tolosak, Intxaurdik eta Eibarrek hartuko dute parte Gipuzkoatik, Gasteizko Aurrerak eta Hauskaitzek Arabatik, eta Bizkaitik Peña Athletic Santurtzik, Deriok, Bilboko Artizarrek, Pauldarrek, Ugeragak, Basauriko Kimuakek eta, jakina, Bizkerrek jokatuko dute.
Guztira, 10 eta 12 urte bitarteko 190 jokalari baino gehiago elkartuko dira Bolue 1 eta Bolue 2 zelaietan, Faduran. Getxo izango da, berriz ere, Bizkerreren eskutik, Bizkaiko emakumezkoen futbolaren erdigunea.
Bizkerreko zuzendaritzak azaldu duenez, "txapelketa sozial eta jai giroko hauek berreskuratzea erabaki du, denboraldi paregabe bati amaiera bikaina emanez".
Bizkerreko zuzendaritzak getxoztar guztiak eta, oro har, jende guztia animatu gura du Bolue 1 eta 2ra etorri eta eurakaz gozatzera. Sarrera sinbolikoa da, 2 euro, eta horregaz, azaldu dutenez, deskontua lortuko dute Algortako Dendak-eko saltokietan.