EuskarAbentura espedizioa Maulen hasi eta Getxon amaituko da aurten, izaera ibiltaria berreskuratuz

Maddi Viana Zubimendi · Argia.eus 2022ko eka. 5a, 11:10

Inoiz baino gazte gehiagok eman du izena EuskarAbentura espedizioan eta 128 gazteek hartuko dute parte. Aurtengo edizioak jatorrizko izaera ibiltaria berreskuratuko du eta Euskal Herri osoan barrena ibiliko dira, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatzen, baita natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle direnak ere.

Uztailaren 1etik 31ra artean Euskal Herriko 128 jzioquitar gaztek euskararen lurraldea luze-zabal zeharkatuko dute oinez. 31 etapatan 700 kilometrotik gora egingo dituzte,

Mauletik Getxora, zazpi lurraldeak zeharkatzen dituzten Donejakue bideetan barrena. 35tik gora herri eta hiritik pasatuko da espedizioa. Berritasun gisa, aurtengo ibilbideak ondorengo lekuetan ere aurreikusi du geldialdi bana: Duzunaritzen (Zuberoa); Amaiur, Lesaka eta Zugarramurdin (Nafarroa); eta Kortezubi eta Sukarrietan (Bizkaia) .

Euskarabenturaren aurtengo ibilbidea.

128 gazteek UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere (haien artean Pasaiako Añanako Gesaltzak, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia).

Izena emateko eskatutako lana zein aurkezpen bideoa bidali zuten gazteen artetik, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEUS Fundazioko 20 ordezkarik osatutako epaimahaiak hautatu ditu aurtengo abenturazaleak. Gazte hauek Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen lagin adierazgarria izango dira: 20 arabar, 37 bizkaitar, 37 gipuzkoar, 7 lapurtar, Nafarroa Garaiko 28 lagun eta Nafarroa Behereko 1.

Jzioquitarrekin batera ‘familia urdina’ joango da abenturan zehar. 30 laguneko lantalde hau begiraleek, mediku zein erizainek, koordinatzaileek, eta komunikazio nahiz logistika arduradunek osatzen dute.

Zer da EuskarAbentura?

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako –2022ko edizioan diasporako kiderik ez da izango– 16-17 urte bitarteko gazteak euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Irabazi asmorik gabeko EuskarAbentura elkarte euskaltzaleak bultzatzen du ekimena. 2018ko eta 2019ko lehen edizioen ondoren, pandemiak galarazi zuen 2020ko edizioa, eta 2021ekoa osasun larrialdiak neurri handi batean baldintzatu zuen.

Hemen iazko bideo-laburpena.

Hemen 2019ko bideo-laburpena.

Hemen 2018ko bideo-laburpena.

Aurten ordea EuskarAbenturak bere jatorrizko izaera berreskuratuko du. Hilabetez, uztailaren 1etaik 31ra arte, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak aldean hartuta Euskal Herrian barrena ibiliko dira gazteak; frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan aterpe hartuta.

Jarraian aurreko urteko zenbait argazki:

Albiste hau Argia.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun