Nazioarteko Paella Lehiaketaren jaiaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Andramari-Kortiñe bizilagunen elkartea 2022ko eka. 6a, 12:47

Aixerrotako landa, jaiaren ostean, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu jaia babesten dugula eta bertan parte hartu nahi dugula, baina uste dugu beharrezkoa dela baliabide egokiak jartzea pertsonentzat segurua, ingurunearekiko errespetuzkoa eta guztiontzat osasungarria izango den jai-eredu bat garatzeko.

Zalantzarik gabe, beste edizio batzuetan azaldutako erreklamazioengatik jakitun zaretenez, ekitaldiak inguruko zelai eta pinudietan izaten duen eragina oso nabarmena da. Zementuz eta hesolaz betetzen diren zuloak egiten dira, zuhaitzak mozten dira eta paletak sartzen zaizkie, beste gehiegikeria batzuen artean. Horrez gain, beira, botila-txapak, latak, plastikoak eta abarren kantitate izugarria geratzen da lurrean, jaiaren ondorengo hilabeteetan.

Garrantzitsua da, bestalde, ez ahaztea zein arrisku handia dagoen espazio berean sua, butanoa, elektrizitate-sorgailuetarako gasolina, egurra eta lurreko belar lehorra bateratzen direnean, are eta larriagoa oraindik pinudiaren inguruan. Gogoratzea baino ez dago eremu ofizialean suarekin gertatu zen istripu larria, eta irudikatzea "Bronx" esaten zaion gunean gertatuko balitz izango lituzkeen ondorio lazgarriak eta erantzukizunak.

Gainera uste dugu azken urteotan jai honek tokiko festa izateari utzi diola, eta delinkuentzian, gizalegearen aurkako portaeretan eta legez kanpo irabaziak bilatzeko edariak eta beste substantzia batzuk saltzeko negozioetan endekatu dela.

Horregatik guztiagatik, uste dugu beharrezkoa dela Udalak modu prebentiboan jokatzea eta behar diren neurriak hartzea ingurunearentzat eta pertsonentzat kaltegarriak diren ondorioak saihesteko. Horrek, gainera, jai-osteko garbiketan aurrezpen ekonomiko handia ekarriko luke.

Ildo horretatik, jaia segurtasunez garatzeko arau batzuk argitaratzea iradokitzen dizuegu, honako gai hauek kontuan hartuta:

  • Lurrean zutoinak finkatzeko zementua erabiltzeko debekua.
  • Debekatuta dago pinudian zuhaitzak moztea.
  • Baimenik gabe edariak saltzeko debekua.

Halaber, ezinbestekotzat jotzen dugu:

  • Kartelen bidez abisatzea erregaien nahasketaren ondoriozko sute- eta istripu-arriskuaz.
  • Idatzizko arauak parte-hartzaileek erraz ikusteko moduko lekuetan jartzea.
  • Zaintza handiagoa ekitaldiaren aurreko asteetan, egiturak eraikitzeko araudia betetzeko eta baimendu gabeko materialak konfiskatzeko.
  • Zaborrontzi gehiago jartzea zelaien barrualdean zein kanpoaldean.
  • Ondoko etxebizitzen inguruan komun gehiago jartzea, deserosotasunak eta usain txarrak saihesteko.
  • Azkenik, garbiketa-lanen ondoren, zelaiak zaintzea eta kontrolatzea, egoera onean gera daitezen.

Behingoz arreta jasoko dugulakoan, uste dugu neurri horiek hartzea onuragarria izango dela bai partaideentzat, bai aisialdirako gune honetako ohiko bizilagunentzat eta ibiltarientzat.

Honekin batera, zelaien egungo egoeraren argazkia bidaltzen dizuegu. Ekitaldia amaitu eta hilabete barruko argazkiek ia alderik ez dutela izango espero dugu, belarraren altueran izan ezik. Hori, neurri handi batean, Udal horrek hartzen dituen neurrien araberakoa izango da.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun