Gazteentzako laguntza eta ekintza hauekin, Udalak euskararen erabilera sustatu gura du eguneroko jardueretan, eta aldi berean, "gidabaimena euskaraz egin ahal izateko dagoen diskriminazioari aurre egitea ere, hori nahi duten gazteek zailtasunez betetako bidea aurkitzen baitute”, aipatu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak. Orain arte 400 bat gazte getxoztarrek egin dute azterketa teorikoa euskaraz.
Kanpainaren 13garren edizio honetan, Udalak 756 gazte getxoztarri bidaliko die kanpainari buruzko informazioa etxera eta, aurrekoetan bezala, 100 euroko hiru txartel zozkatuko ditu gasolina erosteko.
2021ean, 17 gaztek jaso zuten 100 euroko diru-laguntza gida-baimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin ondoren, eta gasolina erosteko 100 euroko txartelak Irati Intxausti, Oihan Maguregi eta Jone Esteibarlanda gazteentzat izan ziren. Hirurek azpimarratu dute ikasketak euskaraz egin ondoren gidabaimena ere egitea erabaki zutela, normaltasunez eta euskararen erabilera sustatzeko ere.
Irati Intxaustiren arabera, ikasketak euskaraz egin eta gero, "gidabaimena ere euskaraz ateratzea zentzudunena" da, "gure hizkuntza sustatzeko ekimen polita da. Ildo berean, Oihan Maguregik azaldu du "eroso" sentitzen dela euskaraz ikasten: "Txikitatik ikasi dut euskaraz; beraz, erraza izan da niretzat gidabaimena euskaraz egitea”. Bestalde Jone Esteibarlandak azpimarratu du gazte euskaldunek euskaraz aritzeko eta berau sustatzeko "tentazioa izan beharko" luketela, eta "tentazioetako bat gidabaimena euskaraz egitea da".