Mapa berriak ezartzen duenez, Getxoko biztanleen % 84k eguneko bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak baino zarata-maila txikiagoa dute, eta %0,5ek zarata-maila handiagoa. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren mendeko trenbide-zirkulazioak (metroak) eragiten du gaur egun eragin handiena udalerrian (batez ere trenbidetik hurbilen dauden fatxadetan, hala nola Negubide, Domingo Iturrate kaleetan eta Trenbide etorbidean), 2015ean ez bezala, orduan kaleetako trafikoa izan baitzen foku nagusia. Ildo horretan, egiaztatu da behera egin duela kale-trafikoaren eragina, % 10etik % 1era, "batez ere trafikoa baretzeko neurriak ezarri direlako, hala nola zirkulazio-abiadura 30 km/h-ra mugatzea, ia bide-sare osoan", azaldu dutenez. Nolanahi ere, Bidezabal, Ollarretxe, Euskal Herria edo Makaletako hiribidea dira bide-zirkulazio handiena duten kaleetako batzuk.
Bestalde, foru-errepideen eragina mugatua da, biztanle gehien dituzten eremuetatik urrun daudelako. Adibidez, Uribe Kostako korridorearen afekzioa oso mugatuta dago, errepidera begira dauden fatxadetara, hain zuzen, txostenaren arabera.
Alegazioak
Plana kontsultatu gura dutenek Ingurumen Sailaren bulegoetan (Foru kalea 8, Algorta) egin dezakete, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara, eta udalaren webgunean. Planari alegazioak aurkezteko epea uztailaren 2an amaituko da, Erregistro Elektronikoaren bidez, HABetan edo legez aurreikusitako lekuetan.