Eguerdiko 13:30ak aldera heldu da Elkanoren Juanita Larando patatxa-ontziaren erreplika Algortako Portu Zaharrera, lau orduko zeharkaldi baten ondoren. Itsasontzia euskal kostalde osoa zeharkatzen ari da, eta hauxe da bere hirugarren geldialdia, atzean Ondarroa eta Armintza utzita. Bihar, barikuan, Barakaldorako bidea hartuko du.
Bitartean, informazio-erakusketa bat egongo da Portu Zaharrean (kai-muturrean eta hondartzaren aurrean). Zenbait barrika eta olanatan itsas kulturak euskal kostaldean izan duen pisua erakutsiko dute. Gune horretan proiektuari buruzko informazio gune bat eta merchandisingeko produktuen salmenta gune bat ere egongo dira.
Itsasontziak barikuan, 11:30ean, utziko du Getxo, eta Barakaldora joango da bere ibilbidea jarraituz. Ondoren, Bilbo, Portugalete eta Plentzia bisitatuko ditu, besteak beste.