Ekainaren 29tik uztailaren 3ra

Nazioarteko artistak bueltatuko dira Getxo Jazzera

Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 13:42

Osasun-krisiaren etaparik latzenaren ondoren, Getxo Jazzek normaltasuna berreskuratuko du 45. edizioan, eta nazioarteko artistak itzuliko dira. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, jaialdiak berriro zabalduko du Euskadiko jazz zirkuitua, Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimée abeslaria, Fred Hersch piano-jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile enblematikoa protagonista dituen egitarauaren eskutik. Ordainpeko kontzertuei Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, Hirugarren milurtekoa atala eta familientzako kontzertuak gehituko zaizkie.

Getxo Jazza aurkezteko gaur egin den prentsaurrekoan Amaia Agirre Getxoko alkateak nabarmendu duenez, aurtengo edozioaren eskaintzak "maisutasuna eta gaztetasuna uztartuko ditu", eta pandemiaren amaieragaz, "jaialdia normaltasunera itzuliko da nazioarteko artisten emanaldiak berreskuratzeko". Bestalde, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak azpimarratu du Getxok "nazioarteko jazzaren onena biltzen duela, eta horrelako ekitaldiek musikarekiko eta kulturarekiko interesa sortzen dutela.

Iñaki Saituak, jaialdiaren arduradunak, azaldu du jaialdia hiru ardatzetan oinarritzen dela: "Kalitatea, aniztasuna eta banda gazteen aldeko apustua", eta nabarmendu du, 45. edizioan, Getxo Jazzek emakumearen presentzia nabarmena duela programazioan. Guztira, 18 emanaldi izango dira hiru agertokitan, eta horietatik 8 doakoak. Getxo Jazzek jam sessions-ak ere hartuko du, baita genero horri buruzko argazki-erakusketa bat ere.

Abonu-kontzertuei dagokienez (Muxikebarri, 21:00), Melissa Aldana (1988; Santiago, Txile) izango da aurtengo edizioa zabalduko duen artista. Saxofoi jotzaile gazteak jazzeko handiakaz ikasi zuen, hala nola bere aita, Marcos Aldana, Joe Lovano edo Greg Osbyrekin. 2013an, Thelonius Monk Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen lehen instrumentista bihurtu zen kontinentearen hegoaldean, eta 2020an Grammy sarietarako izendatu zuten, Jazz arloko bat-bateko solo onenaren kategorian, Elsewhere (2019) albumean sartutako konposizioetako baten interpretazioagatik. Getxon, Melissa Aldana (saxo tenorea), laukote formatuan arituko da ekainaren 29an Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadeygaz (bateria) batera.

Hurrengo egunean, hilaren 30ean, eguenean, Cyrille Aiméeren  (1984, Fontainebleau) txanda izango da. Artista frantziar-dominikarra jazzaren eszenan proiekzio handiena izan duen ahotsetako bat izan da azken urteotan eta hala erakusten du nazioarteko sarien bilduma zabalak. Horien artean Montreux Jazz jaialdiko (2007) eta Sarah Vaughan International Jazz Competition (2012) lehiaketako lehen sariak nabarmendu behar dira. Halaber, finalista izan zen Thelonious Monk International Jazz Competition-en (2010). Inprobisaziorako joera handiagaz, azken urteotan musika-arlo formaletan murgildu da, Stephen Sondheim musikagileari eskainitako Move On-A Sondheim Adventure diskoaren eskutik, eta baita Adonis Rosek eta The New Orleans Jazz Orchestrak lagundutako Petite Fleur lanean ere.

Barikuan, jaialdiaren erdialdean, Fred Herschen (1955, Cincinnati) arituko da. Artista estatubatuarra konpositore eta erreferentziazko hezitzailea da, eta inprobisatutako musikaren berezko piano-estilo adierazkorrenetako bat du jazzaren munduan. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Art Farmer, Joe Henderson, Charlie Haden eta Stan Getz bezalako artista handiakaz hasi zena, bere belaunaldiko artistarik berritzaileenetako bat dela erakutsi du. Neo Bop ortodoxiaren ordezkaria, sari ugari jaso ditu eta Grammy sarietarako hamar izendapen ditu, baita jazz-argitalpen ospetsuenen aipamen garrantzitsuak ere. Hersch lehen figura gisa finkatu da, bakarreko errezitaldietan zein bikote eta hirukoteetan. Azken formatu horretan jardungo da Getxon, John Hébert kontrabaxu jotzailea eta Eric McPherson bateria jotzailea lagun izango dituela.

Laugarren egunean, jaialdiak Ron Carter (1937; Fermdale, Michigan) handiaren saioa hartuko du. Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbide luzeagaz, jazz-eszenako baxu-jotzaile bikainenetako bat izan da musikari estatubatuarra, eta azken sei hamarkadetako generoko artista mitikoakaz aritu da. Arrakasta Miles Davisen boskote bikainean (1963-68) sartzean etorri zitzaion, Herbie Hancock pianistagaz eta Tony Williams bateria-jotzaileagaz batera atal erritmikoa osatuz, jazzaren historiara igaro den talde batean. Milesen taldea utzi ondoren, ibilbide pertsonal bati ekin zion, eta, horri esker, 50 disko baino gehiago grabatu ditu bere izenean, berak gidatutako saioen artean edo musikari zerrenda luze eta amaigabe bategaz lankidetzan. Getxon Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossley (bateria) izango ditu lagun.

Uztailaren 3an, domekan, Gonzalo Rubalcabaren (Habana,1963) eta Aymée Nuviolaren (Habana, 1973) erritmo kubatarren bitartez agur esango dio publikoari jazzaldia. Viento y tiempo aurkeztuko dute, El manisero, Bembá colorá eta Lágrimas negras bezalako klasikoak biltzen dituen disko-omenaldia. Txikitatik lagunak izan dira Habana jaioterrian, eta ibilbide paraleloa egin dute. Dizzy Gillespiek aurkitua, Rubalcaba piano-jotzaile bertutetsua eta jazz afrokubatarraren erreferentziazko figura da egun, bi Grammy sari eta beste bi Grammy latinogaz. Nuviola, bestalde, Karibeko musikaren abeslari handien artean finkatu da, eta 2018 eta 2020an Latin Grammy bat eta Grammy bat irabazi zituen Como anillo al dedo eta A Journey Through Cuban Music lanakaz, hurrenez hurren. Getxon, zortzikote formatuan arituko dira, kontrabaxu, saxo, bateria, perkusio eta bi koru-ahots biltzen dituen taldearekin batera.

Talde handien aurretik, Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak arituko dira eta, beste behin ere, publikoak Europako jazz gaztearen lanaz gozatu ahal izango du. Bestalde, doako eskaintzan Algortako Telletxe plazako Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak (19:00), Lucía Fumero pianista eta abeslaria, Sensei Plays Avishai proiektua eta Gaur, Latitude eta Sumrrá bandak bilduko dira. Horiez gain, familientzako kontzertuak ere izango dira (Algortako Telletxe plaza, 12:30), Jazzbana Ensemble eta Kids Band Sedajazzen eskutik.

Kontzertua Ereagan

Aurten, nobedade gisa, jazzaldiak gazteei zuzendutako aire zabaleko kontzertu bat eskainiko du. Hala, uztailaren 2an, zapatuan, Amaia abeslari ezagunaren emanaldia izango da Ereagako hondartzako aparkalekuan, 22:30ean. Nafarroako abeslariaren emanaldia, doakoa izango da, eta bere bigarren lana, Cuando no sé quién soy, aurkeztuko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun