Operación Triunfo-ren bederatzigarren edizioan garaile atera eta Eurovision-en parte hartu ondoren, Amaiak (Iruñea, 1993) bere debuteko albuma kaleratu zuen 2019an. Pero no pasa nada izenburupean, indie eta pop klasikokoaren doinuak uztartzen dituen lana aurkeztu zuen, 90eko eta 2000ko hamarkadetako hainbat talderen eta egungo artisten eraginak biltzen dituena.
Hiru urte geroago kaleratu du bere bigarren lana: Cuando no sé quién soy. Horretan, erraz identifikatzeko moduko emozioak lantzen dituzten hamar gai biltzen ditu. Amodiozko, gaitzespenezko, zalantzazko eta nostalgiazko abestien bilduma da, eta artistak bere burua bilatzen jarraitzen du, baina bere nortasun nahastezinaren ezaugarriak alde batera utzi gabe.