Euskal gizarteak sexu- eta genero-aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea aldarrikatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 10:12

Gaur, martitzenean, ekainaren 28an, Sexu Askapenaren eta LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gehiengoz eta EH Bilduren abstentzioagaz adierazpen instituzionala onartu du.

Adierazpen instituzionala, osorik

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea. 53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra.

Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.

Getxoko Udalak aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.

Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.

Getxoko Udalaren iritziz, erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTBI kolektiboaren aurkako delituen aurrean, horien intzidentzia izugarri handitu baita azken urteetan, eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.

Gonbita luzatzen diogu euskal gizarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko, kolektiboarentzat horren garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta ez ahazteko Zerbitzu publikoek egunero dihardutela lanean. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.

Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun