Getxoko 13 ikastetxek parte hartuko dute Eskola-Bidea proiektuan

Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 14:50

© GETXOKO UDALA

Udalerrian Lehen Hezkuntza eskaintzen duten 13 ikastetxek ikasle gazteenek eskolara egiten dituzten joan-etorrietan mugikortasun iraunkor eta segurua sustatu gura duen Udalaren Eskola-Bidean proiektuan parte hartzeko interesa agertu dute.

Eskolakaz eta familien elkarteakaz egindako bileren ondoren, egitasmoagaz bat egin duten zentro interesatuak dira Andra Mari, Azkorri, Geroa Ikastola, Gobela Ikastola, Juan Bautista Zabala, Larrañazubi, Madre del Divino Pastor, Nuestra Señora de Europa, Romo, San Ignazio, San Nikolas Ikastola, Santísima Trinidad eta Zubileta.

Abian dagoen diagnostiko fasea datorren ikasturteko lehen hilabeteetan luzatuko da. Helburua da ikasleen mugikortasun-ohiturak aztertzea eta ikastetxe bakoitzaren inguruneari eta bertara heltzeko erabiltzen diren bide nagusiei buruzko informazioa biltzea segurtasunaren eta irisgarritasunaren ikuspegitik.

Horretarako, hainbat tresna erabiliko dituzte, hala nola familiei, irakasleei eta ikasleei zuzendutako inkestak edo ikastetxeetako sarreretan behaketak, besteak beste. Gainera, ikasleek eskola-ingurunearen diagnostikoa ere egingo dute, puntu beltzak eta arriskuak sortzen dituzten jokabideak zeintzuk diren hautemateko. Horrela, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea lortuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun