Irailaren 14tik 18ra

Tanxugueiras, Enredadas, Maria Arnal eta Marcel Bagés arituko dira aurtengo Getxo Folk Jaialdian

Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 11:08
Saio nagusiak Muxikebarrin izango dira, eta doakoak Portu Zaharrean. © GETXOKO UDALA

Irailaren 14tik 18ra izango da Getxoko Folk Jaialdia. Aurtengoa 38. edizioa izango da, eta kontzertu handien proposamenean emakumeen protagonismoa nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, besteak beste, Tanxugueiras, Enredadas (Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira biltzen dituena) eta María Arnal i Marcel Bagés talde eta artistak arituko dira. 

Jaialdiak 15 saio hartuko ditu guztira, eta horietako 10 Algortako Portu Zaharrean izango dira, aire zabaleko eskaintza berreskuratuta. Ordainpeko kontzertuak, iaz bezala, Muxikebarri Antzokian egingo dituzte, eta sarrerak salgai jarriko dituzte abuztuaren 1etik aurrera.

Jaialdiaren aurkezpenean, Irantzu Uriarte Kultur Etxeko presidenteak nabarmendu duenez, "jaialdiak normaltasunera bueltatzeak markatutako ibilbide berri bati ekingo diola, eta horrek aukera emango duela ekitaldi honetan kanpoko espazioak berreskuratzeko". Era berean, aurtengo kalitatezko eskaintza azpimarratu du, eta mota guztietako ikusleei irekitako emanaldiak izango direla .

Kontzertu nagusiak Muxikebarri Antzokian izango dira, 20:00etatik aurrera, eta jaialdiak folkera beste soinu batzuetatik hurbiltzea du helburu, artista belaunaldi berrien aldeko apustua eginez. Xabier Payak, Kultura Etxeko Zuzendariak, folkaren transmisioan emakumearen rolak duen garrantzia azpimarratu du, aurtengo edizioan bistaratu gura den bezala: "Egunero Muxikebarriko agertokian emakume bat izango da"’.

Horrela, irailaren 15ean Tanxugueiras arituko da, Eurovisionerako hautagai den ahots hirukote ospetsua, Galiziako sustraiko soinuak trap edo musika elektronikoa bezalako egungo erritmo eta joerekin uztartuz berrikuntza eta abangoardia irudikatzen dituena. Hurrengo egunean, irailaren 16an, barikuan, jaialdiak Enredadas proiektua hartuko du, tradiziozko herri-generoak beste estilo batzuekaz uztartu dituzten lau artista handik osatutako taldea: Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira. Getxon Coplas e alalás ikuskizuna aurkeztuko dute, Sérgio Tannus eta Marcos Teiraren gitarrek lagunduta, genero eta estilo ezberdinak batzeko

Zapatuan, irailaren 17an, Muxikebarrik Maria Arnal i Marcel Bagés bikote katalanaren saioa hartuko du. Bikotea azken urteotan musikaren panoramaren errebelazio handienetako bat bihurtu da. Ciutat de Barcelona Musika Saria, bere bigarren EPagaz, Verbena, Rockdelux aldizkariko Single Nazional Onena aukeratua eta Urteko Obra Artistikoa Time Out aldizkariko irakurleen arabera, Badalonako (Bartzelona) abeslariak eta Flixeko (Tarragona) gitarristak herri musikaren transmisio-kateagaz jarraitzen dute ahalik eta modurik onenean: bere abesti propioak sortuz, zeinak penintsula iberiarra grabazioen erreskate-proiektuan barneratzen diren. Getxon Clamor bere bigarren albumeko kantuak aurkeztuko dituzte David Soler gitarra-jotzaileak lagunduta.

Algortako Portu Zaharreko saioak 18:00etan eta 23:00etan izango dira. Azken horietan, jaialdiak jai-giroa sustatzeko asmoa du Gozategi (irailaren 16an) eta Buhos (irailaren 17an) taldeen eskutik. Gozategiren kasuan, gainera, euskal bandak bere 30. urteurrena ospatuko du. Halaber, ez dira faltako familientzako kontzertuak ere, irailaren 17 eta 18an eguerdiko 12:00etan izango direnak. Getxo Folk jaialdiaren proposamen musikala ‘Nor da Maurizia’ hezkuntza proiektu horregaz osatuko da, Getxoko Musika Eskolagaz elkarlanean garatua eta bertako ikastetxeetako ikasleei musika hurbilduko diena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun