Bertan zeuden 10 eta 14 urte arteko 60 umeen gurasoek azaldu dutenez, instalazioak zikin, altzariak apurtuta eta zaharkituta zeuden, besteak beste. Deia egunkariari azaldu diotenez, seme-alaben deiengatik izan zuten egoeraren berri, eta, horregatik, horiek bertatik bertara udalekua ikuskatzeko eskatu zuten. Instalazioen egoera txarraz ohartarazten zuen abisua jaso ondoren, Getxoko Udaltzaingoak horien ikuskapena egin eta kautelazko neurriak hartu dituztela azaldu dute udal-iturriek.
Komunikabideak zehaztu duenez, Pinpoil Ocio enpresak kudeatzen duen udalekua izan da itxi dutena. Enpresako arduradunek azaldu dutenez, bazekiten instalazioak nolako egoeran zeuden, baina egoera "asko esajeratu" dela adierazi dute. Era berean, argitu dute lekua Galea Kirol Elkartearena dela eta aspalditik ari direla konponketa eskatzen.
Egoera horren aurrean, alde batetik, Udalak kanpalekuan zeuden Getxotik eta estatuko beste toki batzuetatik etorritako umeak beren etxeetara itzuli ditu edo Kantabriako beste kanpaleku batean ostatu hartzeko izapideak egiten ari da. Bestetik, Udalak udalekuen jarduera eten du eta eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari kanpamentua ikuskatzea, eta, hala badagokio, foru agindu bat ematea kanpamentua ixteko.