Aurtengo Nazioarteko Folklore Jaialdiko protagonistak izango dira euskal dantzak, georgiar tradizioa eta AEBetako New Orleanseko kolorea eta nazioartekotasuna. Jaialdia uztailaren 22tik 24ra egingo dute Getxoko Muxikebarrin. Hiru ikustaldiak 20:00etan hasiko dira, eta hiruna euroko prezioan salduko dituzte sarrerak; hala ere, egingo dituzten hiru ikuskizunez gozatu gura dutenentzat zazpi eurotara salduko dituzten bonuak.
Urtero legez, jaialdiko lehen ikuskizuna eskaintzearen ardura izango du tokiko Itxartu Dantzari Taldeak. 1976an sortu zen talde getxoztarrak betiko euskal kulturaren folkloreko dantzen erakustaldia egingo du. Gaur egun, 100 kide inguru dituen taldeak hainbat jaialditan parte hartu du euskal kulturaren dantza adierazgarrienak zabaltzeko.
Bestalde, bigarren jardunaldian, Kaukaso ingurutik etorritako TSU-Flyng Georgians taldeak inguru horretako dantza ikusgarri eta akrobatikoak eskainiko ditu. Azkenik, hirugarren jardunaldian, New Orleansetik datorren Komenka dantza eta musika talde etnikoaren txanda izango da. Hainbat herrialdetako dantza tradizionalak bateratzen dituen konpainia horrek hainbat urte daramatza mundu osoko antzezlekuetan.