Inolako erasorik gabeko jaiak aldarrikatuko dituzte Getxon

Ander Zarraga 2022ko uzt. 20a, 17:10

Getxon, eraso sexistarik, LGTBIfobiarik eta arrazakeriarik gabeko jaiak bultzatzeko kanpaina abiatu du Udalak. Ildo berean, Algortako Mugimendu Feministak herri-agerraldia egingo du bihar, uztailak 21, indarkeria matxistarekiko gaitzespena berresteko helburuagaz.

Getxoko Udalak abiatu duen kanpainaren barruan, doako prestakuntza-saioak eskainiko dizkiete udalerriko jai-batzordeei eta ostalaritzako establezimenduei. Horren helburua da sentsibilizatzea eta emakumeen aurkako indarkeria matxistako egoeretan jarduteko tresnak ematea. Besteak beste, biktimakaz jarduteko jarraibideak emango dizkiete eta Udalaren eta jai-batzordearen protokoloak partekatuko dituzte. 

Horretarako, jaietako eragileentzat antolatutako saioetan ez da aldez aurretik izena eman beharko, eta pertsona interesatuak honako ordutegi hauetakoren batera joan ahal izango dira: uztailaren 21ean, eguena, 17:00etatik 20:00etara; uztailaren 22an, barikua, 10:30etik 13:30era; uztailaren 23an, zapatua, 10:30etik 13:30era; eta uztailaren 26an, martitzena, 10:30etik 13:30era. Saio guztiak Algortako Urgull kaleko udal-eraikineko bigarren solairuan egingo dituzte.

Bestalde, Udalak totem bi jarriko ditu hurrengo jaien esparruetan, kanpainaren mezuari eusteko helburuagaz: Ekainaren 24an, domeka, Nazioarteko Paella Lehiaketaren gunearen sarreran, Aixerrotan; uztailaren 26tik abuztuaren 1era, bat Algortako Geltokiko plazan eta beste bat San Nikolas plazan; abuztuaren 1etik 8ra, bat txosnen esparrutik gertu eta beste bat Romoko Santa Eugenia plazan; abuztuaren 8tik 16ra, bata Portu Zaharreko metroaren ondoan, eta bestea, bidegorriaren amaieran, eta irailaren 22tik aurrera Mesedeetako jaietan, bat Amistad kalean eta bestea Areetako metroaren irteeran.

Halaber, Udalak "Getxon planto eraso sexistei! Bakarrik Bai da Bai! Indarkeria sexistarik, LGTBIfobikorik eta arrazistarik gabeko jaien alde!" kanpainaren leloa eta esku morea dituzten 5.000 poltsa, 10.000 pegatina eta 5.000 txapa banatuko ditu. Material hori eta Udalak prestatutako jarduera-protokoloa ostalaritza-establezimenduetara eta jai batzordeetara bidaliko dute.

Jai batzordeen eta talde feministen eskariei erantzuteko, gaueko bus zerbitzua izateko aukera ere eskainiko du Udalak, pertsonak hiri-guneetara eta metro-geltokietara hurbiltzeko, herritar guztientzako arriskuak murrizte aldera, hain zuzen ere. Gainera, Portu Zaharreko jaietan eta Ama Mesedetakoetan substantzien testing-ak ere egingo dituzte, arriskuak murrizte aldera.

Algortako Mugimendu Feministaren deialdia

Jai-giroan bereziki emakumeen bizitzak eta gorputzak erasotzen dituztela deitoratu du Algortako Mugimendu Feminsitak. Horren aurrean, "guztiontzat segurua, askea eta gozagarria izango den jai eredu baten alde lan egiten dugunak eta jarrera irmo hori argi adierazteko prest gaudenak", elkartzera deitu dituzte, bihar, uztailaren 21ean, 20:00etan San Nikolas plazan.

Aldundiaren kanpaina

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako indarkeria matxistaren aurkako kanpaina ere Getxon izango dela jakinarazi dute. Horren helburua izango da gazteak indarkeria matxistaren prebentzioaren garrantziaz kontzientziatzea, eta berdintasunean eta gainerako pertsonekiko errespetuan oinarritutako harremanen eraikuntza sustatzea. Azaldu dute maskulinitate berrietan eta berdintasunean trebatutako mutil batzuek sentsibilizazio-lana egingo dutela, gizonak hausnartzera gonbidatzeko etxera bakarrik itzultzean emakumeek zergatik pasatzen duten beldurraz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun