Uztailaren 31n

Bilbotik aterako da 77. Getxoko Txirrindulari Zirkuitua-Otxoa Anaiak Memoriala

Ander Zarraga 2022ko uzt. 25a, 09:00

Lasterketaren aurreko edizio bat. © EUSKAL HERRI KIROLA

Uztailaren 31n, domekan, Algortako jaien egun handian egingo da 198 kilometroko txirrindularitza-lasterketa entzutetsua. Bigarren urtez, Bilboko Guggenheim museotik abiatuko da lasterketa, eta parte hatuko duten puntako txirrindulariek inguruko herriak zeharkatu beharko dituzte lasterketa gogor honetan.

Lasterketak Bilbo utziko du eta Erandiora joango da Enekuritik, ondoren, itsasadarreko ibilbide zaharra berreskuratzeko. Getxora Eduardo Coste, Zugazarte eta Aretxabalintxutik sartuko da, eta Arkotxa kalean egongo da helmuga. Hala ere, hori zeharkatu aurretik, txirrindulariek bost buelta eman beharko dizkiote ibilbide tradizionalari: Sarrikobaso, Ollaretxe, Txopos hiribidea eta Artea merkataritza-guneko biribilgunera jaitsiz; ondoren, Sarrienara igoko dira, EHUtik, Akarlandatik, Asuara jaisteko eta Erandiora bueltatzeko.

Azken itzulian, Asuako jaitsieraren ondoren, Txorierritik Larrabetzura joan eta bertan datorren urteko Frantziako Tourreko Bizkaiko etapan aurreikusitako ibilbidea egingo dute. Erletxetik igarotzea, El Viveroko igoera, Sondikara jaistea eta Pikeko horma (2. mailakoa) igotzea; horren ostean, Enekuritik jaitsi eta berriro itsasadarretik Arkotxako helmugaraino abiatuko dira. Txirrindulariek 12:00etan hasiko dute hain ibilbide gogorra duen lasterketa.

Besteak beste, honako talde hauek hartuko dute parte: 23 eskuadra, bederatzi World Tour (Movistar, Bahrein, UAE, Lotto Saudal, Bora, Trek, Education First, Israel eta Cofidis), zortzi UCI Pro Teams (Caja Rural, Euskaltel Euskadi, Total Energies, Arkea, Eolo-Kometa, Nurgos BH, Drone Hopper eta Human Powered) eta sei kontinente (Atlipolis, Wa). Bestalde, Iñigo Landaluce Getxoko korrikalari profesional ohia izango da lasterketako ohorezko zuzendaria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun