Uztailaren 25etik, astelehenetik, hilaren 28ra, eguenera, hogei bat pertsona gehiago egongo dira zerbitzua indartzeko (guztira 35), eta uste da barikutik aurrera ohiko baliabideakaz mantenduko dutela garbiketa-zerbitzua.
Erabili beharreko baliabide materialak hurrengoak izango dira: atzerako hondeamakina bat, bi kamioi handi garabiagaz egurra kentzeko, eta, guztira, 20 bat ibilgailu (alboko karga duten kamioiak, bi zatitan banatutako kamioi bat, upel-kamioiak, ekortzeko makinak…).
Aurten, Udalak edukiontzi espezifiko gehiago jarri ditu ekitaldirako (gaikako 9 bilketa-puntu esparru ofizialaren perimetroan, eta ontzi, beira eta gainerakotarako edukiontziak esparruaren barruan). Gainera, Ecovidriok, Udalagaz lankidetzan, stand bat eta langile boluntarioak izango ditu egun horretan, kontzientziatzeko eta beira kentzeko, jaia ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienagaz ospatzeko, eta ondorioz birziklatze-datuak hobetzea espero du Udalak.
Udalak, beste behin ere, ingurunea errespetatuz gozatzeko eskatu du, baita parte-hartzaile guztien laguntza ere, instalatutako edukiontzi horiek erabil ditzaten eta festan zehar eta hura amaitzean sortzen dituzten hondakin guztiak birziklatzeko uharte berrietan utz ditzaten.
Garbiketaren plangintza
Astelehenean bertan, hilak 25, eremu ofiziala eta inguruko eremu guztiak garbituko dituzte. Hamabost bat langilek egingo dute lan, eta eremu ez-ofizialean ere hasiko dira, eremu ofizialetik gertuen dagoen zatitik pinudirantz, eta beheko aldetik eremu ofizialerantz, hogei bat langilegaz.
Langileek kolore desberdinetako poltsak erabiliko dituzte frakzio bakoitzerako (ontziak, gainerakoa eta papera) eta beirarako kuboak, eta, pilatu ondoren, kamioian erretiratuko dituzte.
Martitzenean, hilak 26, eta eguaztenean, hilak 27, eremu ez-ofiziala garbitzen jarraituko dute metodologia beragaz, baina eguaztenean garbiketa egin den lekuetan etxolak eraisten hasiko dira. Eguenean, hilaren 28an, garbiketa amaitu eta etxolak botatzen jarraituko dute, eta 19an, barikuan, etxolak bota eta materiala kentzen hasiko dira.